- Irurako Udaleko Berdintasun atalak ikerketa beka deitu du herriko emakumeek historian zehar bete duten paperaz datu berriak argitaratu edo datu jakinetan sakontzeko helburuarekin .

Mendeetan, emakumeak baztertuak izan dira historia ofizialean. Egin dituzten ekarpenak, bai eremu publikoan bai pribatuan, garrantzirik gabekotzat jo izan dira, eta beraz, isilarazi egin dira. Horregatik guztiagatik, Irurako emakumeen historia, eta bizitza kultural, sozial, ekonomiko edota politikoan egin duten ekarpena berreskuratzea eta ezagutzera ematea nahi du Udalak.

Lanaren oinarria emakumeek Irurako historian izan duten paperari buruzko informazioa eskaintzen duen edozein ikerketa izango da. Emakume batek modu indibidualean, emakume talde batek edo Irurako emakumeek kolektibo gisa historian eginiko ekarpena izango da ikerketa honen helburua. Edonola ere, Irurako edota inguruaren historiari eginiko ekarpenak edo betetako paperak udalerri hauen errealitate kultural, sozial, ekonomiko edo politikoa erakutsi behar du. Beka norbanakoek edo taldeek eska dezakete. Ikuspegia historikoa, hezkuntzakoa, ekonomikoa, antropologikoa... izan daiteke; diziplina ugari bateratu ditzake halaber.

Eskatzaileek lan proiektu bat aurkeztu behar dute, maiatzaren 7rako. Beka 4.000 eurokoa da eta aukeratutako proiektua, ondoren, abenduaren 15erako aurkeztu beharko da. Oinarriak ikusgai dira Irurako web orrialdean.