- Aste Santuko jai egunei eta Pazko Asteari begira eskaintza turistikoa indartuko du eskualdeak. Tolosaldeko turismo bulegoak ordutegia zabalduko du apirilaren 1etik 5era, eta zabalik izango da 10.00etatik 14.30era eta 15.30etik 19.00etara.

Tolosako kasuan, orduro bisita gidatuak antolatuko dira. Alde Zaharra ezagutzeko, astelehenetik larunbatera 10.00etan izango dira; osteguna, ostirala eta astelehenetan, 11.00etan; eta ostegunetik astelehenera, 17.00etan eta 18.00etan. Tolosako azoka bisitatzeko hitzordua, berriz, 11.00etan izango da, larunbatetan. Andre Mari elizako ganga ezagutzeko bisitak apirilak 1,2,3 eta 5ean, 12.00etan eta 16.00etan, eta apirilak 4an, igandean, 11.00etan eta 16.00etan antolatu dira. Andre Mari elizako ondarea ezagutu nahi dutenek, ordea, aukera izango dute ostegunetik larunbatera eta astelehenean, 13.00etan, eta apirilaren 4an, igandea, 10.00tan.

Tolosaldeko museo eta aisialdi guneek ere eskaintza indartuko dute. Topic-en txotxongilo tailerrak izango dira apirilak 6, 7, 8 eta 9an. Rafa Gorrotxategiren museoan ere eskaintza berezia egingo dute apirilak 1, 2, 3, 4 eta 5ean txokolate tailer eta bisitekin.

Alkizako Urmara museoan, aldiz, Slow Art Day ospatuko dute apirileren 10ean eta koinobori haize-arrainen sorkuntza tailerra izango da 11ean. Era berean, Fagus Alkiza interpretazio zentroan paga-motzak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute larunbat honetan, eta Alkizako baserri paisaia ezagutzeko lantegi ibiltaria apirilaren 3an (izen-emateko: kultura@alkiza.eus / 688 604 466).

Larraizko Txindokiko Itzala gunea larunbat honetan irekiko dute eta egunero irekita egongo da Aste Santu eta Pazko Astean.