Ibarrako jaiei buruz hausnartuko dute

Martxoaren 24an, 19.00etan, eragile eta norbanakoekin mahai-inguru irekia egingo da plazako estalpean

20.03.2021 | 00:27

iBARRA – Ibarrako Udalak herriko jaiei eta ekintzei buruzko hausnarketa abiarazi nahi du. Horretarako, mahai-ingurua antolatuko dute datorren martxoaren 24ean, asteazkena, 19.00etan plazako estalpean.

Hitzordu horretan parte hartzera gonbidatu dituzte Ibarrako eragile eta norbanakoak, "denon artean erabaki ahal izateko nolako herria nahi dugun, nolako jaiekin eta nolako ekintzekin".

Mahai-ingurua martxoaren hasieran egin nahi zuen Ibarrako Udalak, baina egoera epidemiologikoak ez du ahalbidetu, herria eremu gorrian egon baita zenbait astez. Ohartarazi duten moduan, martxoak 24rako aurreikusten duten mahai-inguruak ere egoera epidemiologikoaren arabera aldaketak izan ditzake; hau da, atzeratu daiteke edo online formatura pasatzea posible izan daiteke.

Mahai-ingurua ahalik eta aberatsena izan dadin eragile eta norbanakoen presentzia ezinbestekoa da Udalarentzat, eta horretarako, Ibarrako web orrian aurki daitekeen galdeketa betetzea eskatu diete "lanketa ahalik eta oparoena izan dadin".

Aurrez izena eman behar da Egoera honetan, ezinbestekoa da mahai-inguruko parte-hartzaile guztiek beren presentzia konfirmatzea. Aurrez idatzi behar da kulturetxea@ibarra.eus helbide elektronikora edo kultur etxean ere izena eman daiteke. Bestalde, nahi duenarentzat online parte hartzeko aukera ere posible izango da, beti ere norbaitek hala eskatuko balu.