Debako Badihardugu euskara elkartearekin batera, herriko ahozko ondarea jasotzeko, antolatzeko, gordetzeko eta zabaltzeko lanean dihardu rnietako Udala azken urteetan . Elkarte honek aurrera eramaten dituen proiektuen artean, ahotsak.eus webgunea dago. Bere helburu nagusia Euskal Herriko hizkerak eta tradizio zaharrak eta pasarte historikoak jasotzea eta hedatzea da.

Gauzak horrela, elkarlan honen bidez, Urnietako jatorrizko euskara biltzea eta herriko ondare tradizionalaren transmisioa (tradizioa, errituak, lanbide tradizionala€) berma-tzea da xedea, herri honen nortasunaren eta historiaren parte diren bizipenak bilduz. Era berean, azken belaunaldietan ahozko transmisioan eman den eten nabarmenari aurre egin nahi zaio.

Horretarako, herriko hainbat adineko pertsona elkarrizketatu ostean, bilduriko material guztia antolatu eta katalogatu eta gero, herritarren eskura jarri ziren edukiak Ahotsak webgunearen barruan 2011. urtean.

Harrezkeroztik, materiala jasotzen eta eguneratzen jarraitu da, eta 2020an, ondorengo zazpi hiztunen grabazioak kodifikatu dira: Tomas Miner, Juan Bautista Miner, Mikel Arrieta, Antonio Garmendia, Jose Altuna, Ainhoa Olano eta Ibon Egaña. Lan hau lehenbailehen egitea oso garrantzitsua da XX. mende hasierako testigantza gutxiago baitaude denbora igaro ahala.

Urte hauetan gauzaturiko lanari esker, Urnietako 38 hizlari daude katalogatuta webgunearen barruan, haien kontakizunak jasotzen dituzten 38 zintekin. Horretaz gain, 156 transkripzio topatu daitezke, eta baita, 860 bideo-pasarte ikusi ere. Beraz, Urnietako ahozko artxibo txukuna osatu dela esan daiteke.

Udaletik aditzera eman dutenez, Ahotsak webgunearen barruan Urnietako atalean sartzen denak informazio mamitsua topatuko du modu erraz batean antolatuta. 38 hizlariak zerrendatuta agertzen dira eta pertsona bakoitzaren atal konkretura joanda, pertsona jakin horren argazkia eta biografiarekin batera, pasarte desberdinak gaika sailkatuta daude: gerra garaiak, baserrirako lana, sendabelarren erabilera, eskola, eguraldia lehen eta orain, joskintza, familia, festak, eta txisteak, besteak beste.

Beraz, interesa duen orok Urnietako herriarekin loturiko pasarte interesgarriak ezagutzeko aukera paregabea du hainbat urnietarren kontaketen bidez.