3,5 milioi euroko aurrekontua onartu du Zizurkilgo Udalak

EH Bildu eta PSE-EEren aldeko bozkarekin eta EAJren abstentzioarekin, 485.000 euro izango ditu inbertsioetarako

13.02.2021 | 00:42

Zizurkil – Zizurkilgo Udalak 3,5 milioi euroko aurrekontua izango du aurten eta horietatik 485.000 euro inguru inbertsioetara bideratuko dira. Proposamena EH Bildu eta PSE-EEren aldeko bozkarekin onartu zen, eta EAJren abstentzioarekin.

Iker Urruzola alkateak azaldu moduan, "pandemiak gauza asko erakutsi dizkigu. Horien artean, herriko gune ezberdinak egokitzeko beharra azpimarratu digu. Atxulondo kultur etxeko bigarren solairuan aireztapen arazoak ditugu, eta leiho berriak jarriko dira, arazoari erantzuna emateko. Liburutegi alboan, bestalde, hutsik dagoen gela bat du Udalak, eta hura egokitzeko lanak egingo ditugu aurten, premia ezberdinak sortzen direnean erabili ahal izateko".

San Millan eskolako atarian estalpena jartzea ere aurreikusi dute aurrekontuetan: "Aspaldiko eskaera bat da eta irtenbidea eman nahi genioke aurten. Dirulaguntza bidez egingo genioke aurre gastu honi", azpimarratu du alkateak. Pedro Mari Otaño ikastetxean berriz, teilatua konpontzea da aurtengo helburua. "Kasu honetan ere dirulaguntza jasotzea espero dugu. Teilatua egoera kaxkarrean dago eta premiazko lana da. Horrez gain, eguzki plakak jartzeko ere aprobetxatuko dira teilatuko lanak. Modu horretan, energetikoki burujabea litzateke eskola, eta aurrezpena ekarriko lioke Udalari. Energia berriztagarrien aldeko apustua egin nahi dugu, eta hauxe litzateke lehen pausoa".

Udalaren kontuak osasuntsu daudela ere adierazi du alkateak: "Zorpe tze maila %20 inguruan dago, eta hori erabat sostengarria da" .