- Egunotan garbiketa lanak egin ostean, berriz ere zabalik da Tolosako udal liburutegia.

Eraikina guztiz desinfektatu da Tolosako Udalaren protokoloak jarraituz, ostiralean eraikina garbitzen duen langile batek positibo eman eta gero. Prebentzio modura zerbitzua ixtea erabaki zen. Berme guztiekin ateak zabaltzeko aukera dagoela ziurtatu du prebentzio teknikariak Udalarekin elkarlanean eta, hortaz, astelehenaz geroztik berriz ere zabalik da Aranburu Jauregia.

Liburutegia zabalik dago eta baita Aranburu Jauregiko bi erakusketak ere. Hala ere, aste honetako irakurketa taldeen saioak ez egitea erabaki da. Berdintasun sailak antolatutako saioak, berriz, telematikoki egitea aztertzen ari da Udala.

Ostiral arratsaldean itxi zen eraikina osasun prebentzio arrazoiengatik, eraikina garbitzen lan egiten duen pertsona batek positibo eman ostean. Langileek modu telematikoan artatu dituzte herritarrak eraikina itxita egon den denboran.

Egungo osasun larrialdia dela eta, Tolosako Udalak indartu egin ditu udal eraikinetako garbiketa lanak herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Hala, liburutegian garbiketa lan sakonak egin dira egunotan eta berriz ere antzeko egoera gertatuko balitz, protokoloak zehaztuta ditu garbiketak nola egin behar diren edozein unetan eta edozein udal espaziotan segurtasuna bermatuta egon dadin.