- Datozen egunetarako kultur arloko bi hitzordu antolatu dituzte Ibarran. Batetik, abenduaren 3an haurrentzako kontalari saioa izango da eta, bestetik, abenduaren 13an, Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikarien Arineketan emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.

Euskararen Egunaren bueltan eta Ahoz-aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiarekin bat eginez, abenduaren 3an, 17.00etan, kultur etxean izango da kontalarien emanaldia. Zoa Tamara Cuellar (Nikaragua) eta Dorleta Kortazar (Euskal Herria) gonbidatuak arituko dira 6-8 urte bitarteko haurrentzat.

Aforo mugatua da eta gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira kultur etxean. Dagoeneko eskuratu daitezke; astelehenean, 16.00etatik 20.00etara eta asteartetik ostiralera, 10.30etik 13.00etara eta 16.00etatik 20.00etara.

Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikarien proiektu bateratua Ibarran izango da abenduaren 13an, 18.00etan. Elkar hartze horren fruitua da Arineketan. Aspaldiko adiskidetasuna du oinarri, eta elkarrekin sortu eta musika egiteko beharrari erantzuten dio. Ibarrako Belabieta kiroldegian izango da emanaldia.

Kasu honetan ere aforoa mugatua izango da eta eserlekuak aurrez esleituta egongo dira. Kontzerturako gonbidapenak azaroaren 30etik aurrera banatuko dira kultur etxean, astelehenean 16.00etatik 20.00etara eta asteartetik ostiralera, 10.30etik 13.00etara eta 16.00etatik 20.00etara.