Amasa-Villabonako Udalak etxebizitza politika eraginkor bat diseinatu eta martxan jarri nahi du. Udal gobernuarentzat txebizitza politika berri bat garatzea ezinbestekoa da.

"2021. urtean etxebizitza politika aktibo bat garatzen hasteko konpromisoa hartzen dugu. Helburu eta neurri zehatzak jasoko dituen plangintza bat osatuko dugu, kronograma eta ekintza plan batekin. Etxebizitza politika aurrerakoi, eraldatzaile eta eraginkorra egin nahi dugu", azaldu zuen atzo Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde Hirigintza zinegotzia eta Julen Landa Gislan enpresako ordezkaria alboan zituela.

Egindako lanak bizikidetza unitateak (neurria, tipologia...) eta etxebizitza parkea aztertu ditu, eta etxebizitza parkearen katalogoa ere osatu du aintzat hartuz errolda, katastroa eta azken urteko ur-kontsumoa. "Hainbat ondorio atera ditugu; hala nola, biztanlegoaren %90 herrigunean bizi dela, hamabost urteko perspektiban adin-egitura zahartuko dela, bizikidetza unitateak geroz eta txikiagoak direla, emantzipatutako gazteen gehiengoa erdigunean eta inguru periurbanoan bizi dela eta bakarrik bizi den adinekoen portzentaia %22koa dela", zehaztu zuen Julen Landak.

Bide honetan, eta Xabat Laborde zinegotziak azaldu zuen moduan, lau dira identifikatu dituzten erronkak. Alde batetik, lehentasuna izango da gazteak Amasa-Villabonan errotzea. "Bizi dugun egoeran ezin dugu onartu herriko gazteak beste herri batera joatea gurean etxebitiza lortzeko dituzten zailtasunengatik", esan zuen. Beste alde batetik, zentzuzko prezioetan alokairuen eskaintza zabaltzea ere helburu izango dute. "Beste erakunde batzuk ez badute arautzen, udaletik egin beharko dugu ahalegina", aditzera eman zuen zinegotziak.

Era berean, kontutan hartuta Amasa-Villabonako etxebizitzen %10a hutsik dagoela, Udalak etxebizitza horiek merkaturatzeko saiakera egingo du. Azkenik, datozen urteetan bizikidetza unitateen kopuruak gora egingo duela aurreikusiz, etxebizitza eskaintza zabaldu edo moldatu beharko da.