- AGIPAD elkartearekin elkarlanean, adikzioen aurkako plana garatzen ari da Tolosako Udala. Diagnosi fasean hainbat dinamika egin dira gizarte eragileekin, eta orain, bigarren fasean, emaitzak partekatuko dira haiekin, bihar, urriaren 22an egingo den lan-saioan. Helburua da edukia kontrastatu eta partekatzea, diagnosiaren berri eman eta lehentasunak finkatzeko.

Egungo egoera ikusita, 30 lagun elkartuko dira gehienez, baina aurrez parte hartu dutenei diagnosia bidaliko zaie eta ekarpenak online egiteko aukera izango dute. Informazioa partekatu eta eragileen iri-tzia entzun ostean, ekintza plana garatuko du Udalak eta ondoren Adikzioen Aurkako Plan osoaren aurkezpena egingo da.

Diagnosian egoeraren analisi sakona egin da, eta lau esku-har-tze ardatz identifikatu dira: adikzioekiko pertzepzioa aldatzeko sentsibilizazioa, prebentziozko esku-hartzea arriskuan dauden biztanleengan, prebentziozko esku-hartzearen kalitatea eta azterketa, eta berrikuntza ardatza. Hori ikusita, lau lerro estrategiko planteatu dira eta eragileekin kontrastatu nahi dira plangintza definitiboa egin aurretik.

Adikzioen aurkako plan honek zenbait helburu orokor ditu, hala nola, Tolosako herritarrak adikzioei lotutako arazoaren inguruan sentsibilizatu eta formatzea. Gainera, udalerriko biztanle talde zaurgarrienetan prebentziozko esku-hartzearen intentsitatea indartu nahi da, prebentziozko esku-hartzean hobekuntza bultzatu, eta etengabeko berrikuntza eta egokitzapena sustatu adikzioen inguruan, etengabe aldatzen ari den gaia delako.