- . Internet bidez 1.463 bozka jaso ondoren, Tolosanklisk lehiaketak baditu datorren urteko egutegia osatuko duten argazkien irabazleak. Herritarren bozka gehien jaso dituena eta azalean agertuko den irudia da Eguzkia izkutatzen ari denean, lainoak gorritzen direnean, zeruaren kolorea aldatzen ari denean eta kaleko argiak pizten hasten direnean. Irabazleak 600 euroko saria jasoko du.

Epaile-taldeak aukeratu ditu urteko hilabete bakoitzerako beste hamabi argazki eta egile bakoitzak 200 euro jasoko ditu. Aukeraketa egiterakoan argazkien egokitasuna eta kalitatea baloratu ditu. Hauek dira hautatutakoak: Elur ura (urtarrila), Tolosako kaioa (otsaila), Oria ibaia zulotxo batetik (martxoa), Fuente Sputniks (apirila), Errotako inguruak (maiatza), La vida en torno al río (ekaina), Ibaia eta kirola (uztaila), Zubitik (abuztua), Putzua (iraila), Argiak ibaian (urria), Behelainoa Oriatik barrena (azaroa) eta Argi Itzalak (abendua).

Aipatu behar da argazkietako bat lehiaketatik kanpo geratu dela "irregulartasun nabarmenengatik". Regando izeneko argazkiak 153 boto jaso zituen une berean, guztiak ordenagailu beretik bidalita, botoa emateko epea amaitu baino hamar minutu lehenago. Irregulartasun honek arauz kanpoko jokabidea adierazten du, eta ondorioz, lehiaketatik kanpo geratu da.