- Astigarragako gaztelekuak kokapen berria du. Kultur etxe zaharreko liburutegia zena nerabeentzako txoko bilakatu da. Urriaren 3an izango da gaztelekuaren inaugurazioa eta, ordutik aurrera, espazio eta programazio berria estreinatuko ditu. Irailean burututako aisialdi ekintzak kalean antolatu zituzten.

Inaugurazioa, baina, egun batzuk lehenago izango da, irailaren 29tik urriaren 2ra, nerabeek eta gurasoek izango dute gazteleku berria ezagu-tzeko aukera egingo diren bisita eta bileren bitartez. Bertan, espazio berria ezagutzeaz gain, ezarri diren osasun neurrien azalpena emango zaie.

Bisita eta bilera hauek ikasturte mailaren arabera banatu dira, maila bakoitzari data eta ordutegi zehatz bat egokituz, eta hauek dira: asteartean, DBH1; asteazkenean, DBH2; ostegunean, DBH3 eta ostiralean DBH4 eta Batxilergoko lehenengo maila. Egun guztietan gaztetxoen-tzako bisita 17.00etatik 18.00etara izango da eta maila bakoitzeko sema-alabak dituzten gurasoen bilera, aldiz, 18.30etik 20.00etara.

Udaletik gogora ekarri dutenez, hezitzaile eta nerabeek aspalditik egiten zuten eskaera zen gaztelekuaren espazio aldaketa, nerabeen hazkundearekin lehen zuten lokala aspaldi txiki gelditu zelako.

Liburutegia kultur etxe zaharretik Erribera kulturgunera pasa denean, kultur etxe zaharreko bigarren solairua gune egokia izan zitekeela iruditu zitzaion Udalari, eta baita hezi-tzaileei ere. Hezitzaileak oso pozik eta motibatuak agertu dira leku aldaketarekin.

Espazioak aukera paregabeak eskaintzen ditu oso argitsua izateaz gain, lokala handia delako. Hezitzaileen asmoetako bat gune ezberdinak banatzea da, espazio intimoagoak egin eta harremanak lantzeko.

Eraikuntzaren kanpoaldeari ere emango zaio garrantzia, zerbitzua ez baita barruko espaziora mugatuko. Kanpoaldekoa ere izango da gaztelekua.

Funtzionamendua eta dinamika berriak ere landuko dira. Udaletik esan dutenez, joan den ikasturtean hainbat aldaketa mahai gainean jarri ziren, baina egiturak berak zaildu egiten zituen eta bertan behera gelditu ziren. Ikasturte honetan, kokapenak asko errazten du aldaketa horiek gauzatu ahal izatea.

Hori dela eta, ohiko programazioa antolatzeaz gain, maila ezberdinetako esku-hartzeak diseinatuko dira; beti ere pertsona, talde edota koadrila bakoitzaren ezaugarrietara egokituz.

Bestalde, azkeneko Tokiko Gobernu Batzarrak hezkuntzarekin eta gazteekin zerikusia zuten hainbat lan onartu zituen.

Esaterako, ?Mendiaundi-Aranibarreko orubean DBHko ikastetxea eraiki ahal izateko hainbat urbanizazio lan egiten ari da Udala, besteak beste orubea zeharkatzen duen linea elektrikoa lurpetatzeko lanak. Iraileko batzarrean linea elektrikoa lurperatzeko kanalizazioa eta obra zibila egiteko lanen kontratua onartu zen. Sasoi Eraikuntzak enpresak egingo du 300.000 euroren truke. Lanak urrian hasiko dira.

Gainera, 2018ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan herritarrek erabaki zuten pump track pista bat egitea. Lehen urratsa pump track pistaren proiektua idaztea izango da eta ondoren gauzatzea. Lanen kontratuaren prezioa 81.000 eurokoa da eta Elama Exkabazioak eta Garraioak SL enpresari esleitu zaizkio. Urtea amaitu aurretik egingo da pump track pista.

Bilera berdinean, Santiagomendiko auzoa hiritartzeko lanak, Perurenako auzo lokala egokitzea eta berritzea, udal eraikinetako garbiketa zerbitzua indartzea eta hainbat dirulaguntza onartu ziren.

Zerbitzurako lokal berri bat aspaldiko eskaera zen, eta Erribera zabaldu denean liburutegi zaharreko espazioa libre geratu da