- Ibarrako udal liburutegiak eta Belabieta kiroldegiak bihar zabalduko dituzte ateak. Hala ere, erabiltzaile zein langileek neurri ugari bete beharko dituzte erabilerarako.

Kiroldegiaren kasuan, distantzia eta garbitasun neurri guztiak bete beharko dira. Iraila bitarte muskulazio-gela bakarrik irekiko da eta bazkideek bakarrik erabili ahal izango dute. Gehienez, ordubete egon ahal izango da eta aforoa %60koa izango da. Aldagelak eta dutxak erabili daitezke, beti ere babes-arauak betez eta pertsonen artean bi metroko tartea utziz. Kiroldegitik ateratzerakoan, erabiltzaileak leihatilan dagoenari jakinarazi beharko dio aforoaren kontrolerako. Spa eta saunak itxita egongo dira iraila arte.

Liburutegian ere garbitasun neurriak mantenduko dira eta mailegu eta itzultzeko zerbitzua bakarrik eskainiko da. Ekainaren 19a bitarte 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara izango da zabalik eta ondoren, uztailaren 30a bitarte, 9.30etik 14.00etara eta asteazkenetan 9.30etik 16.00etara. Liburuak eskatzeko liburuzaina@ibarra.eus helbidera idatzi behar da edo 688 664 781 telefonora deitu.