- Atzo zabaldu zituen berriz ere ateak Topic-ek, alarma egoeraren ondorioz bi hilabete eta erdi itxita egon ondoren. Tolosako Udalak gogoratu du txotxongiloaren zentroaren hamargarren urteurrena dela eta etxeetan jasotako museoa bisitatzeko gonbidapenak abuztuaren 31ra arte erabili ahal izango dituztela.

Hamar urte igaro dira Topic museoa martxan jarri zenetik eta urteurrena tolosarrekin ospatzeko Tolosako Udalak eta Topic Zentroak museoa ezagutzeko bina sarrera bidali zituzten postaz itxialdia hasi aurretik Tolosako etxebizi-tza guztietara. Helburua zen urteurrena modu berezian eta herritar guztiekin ospatzea eta tolosarrei munduko hainbat herrialdetako kultura bertatik ezagutzen hasteko aukera eskaintzea.

Gauzak horrela, etxean jasotako gonbidapenak abuztuaren 31ra arte erabili ahal izango dira. Uda honetan beraz, tolosarrek txotxongiloen mundua gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute.

Bisitak segurtasun osoz egiteko, distantziak mantendu beharko dira eta ezingo dira txotxongiloak edota bestelako ageriko elementuak ukitu. Musukoa edota maskara erabiltzea ezinbestekoa izango da. Bisitetarako aurretik hitzordua eskatu beharko da 943 650 414 telefono zenbakira deituta edota cit@cittolosa.com helbidera idatzita.