- Ezohiko itxura zuen atzo Tolosako azokak. Eskuak garbitu, eskularruak jantzi eta musukoa jarrita sartu ziren erosleak Zerkausira eta Beotibar pilotalekura. Orokorrean, saltzaileak zein erosleak gustura agertu ziren eta goraipatu zuten baserritarren produktuen salerosketarako bideak mantentzearen beharra. Tolosako Udalak balorazioa egingo du eta azokak jarraipena izango du, larrialdi egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak mantenduz.

Maria Angeles Estanga ekoizleak ez zuen hutsik egin atzo. Arrautzak, barazkiak, intxaurrak eta bestelakoak eraman zituen atzo Astigarragatik Zerkausira. "Gogo handia genuen bueltatzeko, baina urduri ere egon naiz. Mantso doaz ilarak, eta soma-tzen dut betiko bezeroak falta direla, noski, asko adinekoak dira eta. Beldurra ere badago. Hala ere, jende gaztea berreskuratzen ari gara eta azoka lasai dagoen arren, pentsatzen dut jendea joango dela ohitura berriak hartzen", esan zuen Estangak.

Bere alboan zegoen Esther Insausti. Normalean Berdura plazan izaten da, baina azokaren berrantolaketaren ondorioz Zerkausian saldu zituen atzo bere barazki eta landareak. Beraren-tzat "oso beharrezkoa da" ekoizleen eta baserritarren azokak mantentzea. "Gu hasieratik egon gara parte har-tzeko prest", onartu zuen.

Salmenta Beotibar pilotalekuan egitea tokatu zitzaion Iñaki Garcia Barazki Bizidunak baserriko ekoizleari. Asteotan etxez etxeko banaketa egin dute eta ekoizpenaren %90a bideratu dute horretara. Atzoko azoka "esperimentua" izan zela uste du eta formatuari buruz baditu zalantzak: "Ez dakit zergatik banatu den azoka bi guneetan; gu betikoak gara azokan eta horregatik etorri gara".

Joxe Antonio Labaka errezildarra ere Beotibar frontoian zegoen, gurasoen tokian. "70 urte baino gehiago dituzte eta ezin dute etorri. Sagarrak bukatu zaizkit, baina azoka lasaia izaten ari da, ikusiko dugu hurrengoak nolakoak diren", esan zuen.