Egun lasaia izan zen atzokoa Tolosan. Ostegun Gizeneko ajeari aurre egiteko bide egokiena izaten da, ordea, berriz ere kalera ateratzea. Ostiral Meheak badu bere melodia eta hori txistuarena da. Atzo ere Ozenki Txistulari Taldeak herriko kalea eta plazak alaitu zituen, eta iluntzean Ostiral Meheko danborrada atera zen kalera, eta Leidor aretoa lepo bete zen Arpegi taldearen ohiko jaialdia ikusteko.

Urteak daramatza Ozenki Txistulari Taldeak Ostiral Meheko kalejira egiten. Musika eskolatik irten eta herria zeharkatzen dute zenbait lekutan geldialdiak eginez. Adin guztietako txistulariak biltzen ditu taldeak, gaztetxoak nahiz beteranoak. Herria girotu eta hamaiketakoa egiteko ohitura dute eta atzo ere horrelaxe egin zuten.

Arratsaldean zezen plaza topaleku izan zen. Zezentxoak eta poniak izan ziren gaztetxoentzat erakargarri eta, ondoren, txaranga giroan atera ziren denak kalera. Iluntzean, Ostiral Meheko danborradak girotu zituen kaleak eta Arpegi taldeak 42. jaialdia eskaini zuen Leidorren. Musika eta, batez ere, umore ona nagusitu ziren errepikaezina den ikuskizunean.

Gaur, aldiz, Zaldunita egunak hartuko du Tolosan. Goizean, musikariak, dantzariak, eta erraldoi eta buruhandien konpartsa kalean ibiliko dira eta arratsaldean danborren unea iritsiko da. Haurren danborrada 17.00etan aterako da Geltoki kaletik eta helduena, berriz, 19.00etan, plaza Zaharretik. Geldialdiak egingo dituzte Berdura plazan eta Rondilla 14an.

gaurko egitaraua

11.00. Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsaren kalejira, Tolosako Dultzaineroez lagundutik, Gernikako Arbolatik abiatuta.

11.30. Musika eskolako ikasle bandaren kalejiraren irteera musika eskolatik.

11.30. Udaberri Dantza Taldeak antolatuta, Dantzari Txikien kalejira abiatuko da Triangulo plazatik. Herriko hainbat kale eta plazetan emanaldiak eskainiko dituzte.

12.00-17.00. Kabi Alai elkarteko txaranga kalez kale ibiliko da.

17.00. Aiz Orratz elkarteak antolatuta, haur danborrada aterako da Geltoki kaletik.

19.00. Tolosako Danborradaren irteera plaza Zaharretik Tolosako udal musika bandarekin. Geldialdiak: plaza Zaharra, Berdura plaza eta Rondilla 14.

22.30. Txosnagunean Leizeak, El sonido de la metraia, Streetwise eta Dinamita musika taldeen kon-tzertuak.

23.30-1.00. Iraunkorrak eta Oriako txarangak kalez kale.