Alegia - Alegiako Txintxarri abesbatza eta Zazpi Astoren Gainean Bertso Taldea elkarrekin aterako dira beste behin santa eskean otsailaren 4an, asteartean, Agate Deunaren bezperan, 19.00etatik aurrera. Koplak eta kantuak eskainiko dituzte herriko hainbat kale eta plazatan. Aurten, gainera, bertso berriak abestuko dituzte egingo dituzten geldialdietan.

Txintxarri abesbatzak 60 urte betetzen dituela eta, Agate Deunaren bezperako bertsoak gaurkotu egin nahi izan dituzte. Alegiako auzo edota inguruak deskribatzen dituzten bertsoak dira. Mikel Artola bertsolari alegiarrak egin ditu eta Txintxarri abesbatzak abestuko ditu Agate Deunaren bezperan. Horrez gain, herriko bertsolariek koplak eskainiko dituzte bat batean. Bertsolarien jardunak ikusmin handia sortzen du urtero herriko kaleetan.

Urteak daramatza Zazpi Astoren Gainean bertso taldeak bertsolaritzari buruzko eskolak ematen, bertsozaletasuna zabaltzeko helburuarekin. Taldea, berez, Harituz Tolosaldeko Bertsozale taldearen barruan dago eta talde horretatik bertatik kudeatzen dituzte bertso eskolak.

Larraitz auzotik abiatuko dira asteartean santa eskean 19.00etan eta herriko plazan amaituko dute. Deialdia irekia da, herritar guztiek parte har dezakete. Ondoren, afari legea egingo dute. - M.S.S.