Tolosa - Zenbait ekitaldi dakartza asteburu honetarako Tolosako Leidor aretoak; besteak beste, Ene Ba! umorezko antzerki saioa ikusi ahal izango da gaur Leidor antzokian, 20.30ean hasita.

Txalo produkzioak taldeak ekoi-tzia, eta Ane Gabarain, Joxe Kruz Gurrutxaga, Mikel Laskurain, Alazne Etxeberria eta Asier Sota aktoreek parte hartzen dute euskarazko obra honetan. Sinopsiaren arabera, protagonistak aita izan behar du lehen aldiz, eta aitatasuna ospatze aldera, bere arreba eta koinatuaren etxean afalduko du, familiako beste lagun batekin batera. Ana, bere bikote eta ama-gaia berandu iritsiko da afaritara. Afaltzen hasi baino lehen, amaren zain daudela, aitatasunak sortzen dituen poztasun eta aldarte onak izango dituzte hizpide, ume jaio-berriari jarri behar dioten izena aditzera emango duen arte. Egundoko kalapita sortuko du izenak berak eta eztabaidaren suak bildutakoak erreko ditu, etxeko giroa erabat gaiztotu arte. Sarrerak oraindik eskuragarri daude Kutxabank-eko ohiko bideetan eta Leidorreko leihatilan.

Antzezlana, ordea, ez da izango aste honetan Neguko Kultur Programazioaren barruan gauzatuko den ekitaldi bakarra. Izan ere, bihar, larunbata, Ene Kantak proiektuaren Sator Jator. Lurraren bihotzera bidaia ikuskizuna eskainiko da Leidorren, 16.30ean. Irurako Ikastolak antolatutako ekitaldia da eta sarrera guztiak agortuta daude.

Bestalde, Xabier Obeso artista errenteriarrak Aranburu Jauregian duen Barruko argiaren bila erakusketa ikusteko bisita gidatuak egingo ditu artistak berak bihar, 18.30ean hasita. - M.S.S.