Ibarra - 2020.urtean Alurr dantza taldeak 25 urte betetzen ditu eta urteurrenaren harira, Uzturpe Ikastolaren Aste Kulturalaren barnean, jaialdia egingo du gaur, 20.00etan, Ibarrako kiroldegian.

Alurreko kideentzat azken urteotako jaialdi berezienetako bat izango da. "Antzerki eta dantzaren bidez adieraziko dugu Alurren 25 urteko historia. Hasieratik sortu zenetik orain arte eman ditugun pausoak erakutsiz. Gure ibilbidea tradizionalisten eta tradizioaren munduan, gure taldean emakumeek izan duten indarrez adieraziz", azaldu dute.

HH3-DBH 4 bitarteko dantzariak izango dira aurkezleak. "Elementu ezberdinak izango dira dantzatzeko inspirazioa, eta argi geratuko da zein garrantzitsua den tradizioa lantzen jarraitzea. Eta oso garbi adieraziko dugu, Alurrek urte guzti hauetan egin bezala, tradizioa mantentzea ez dela genero kontua, kulturarena baizik", amaitu dute. - M.S.S.