Tolosa - Mugikortasun Planean jasotako neurri eta ekintzak herritarrekin partekatzeko bilera egingo da gaur, 18.30ean, pleno aretoan. Helburua da azken zirriborroaren aurkezpena egitea eta prozesuari amaiera ematea.

Tolosan Mugikortasun jasangarria sustatu eta pertsonak erdigunean kokatzen dituen herri eredua bultzatzeko, udalak 2018. urtean ekin zion Mugikortasun Plana garatzeari. Denbora honetan, Tolosa Badabil lan dinamikaren baitan, hainbat partaidetza saio egin dira herritarrekin eta arlo ezberdinetako eragileekin beren iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Besteak beste, haur, gazte eta adineko pertsonen inguruko eragileek, mugikortasun alorrekoek, hezkidetza mahaikoek, talde feministak, emakume etorkinek, enpresa mundukoek, kirol elkarteetako kideek edota auzo elkarteetakoek parte hartu dute.

Eredu eta behar desberdinen arteko oreka bultzatzea du helburu plan berriak eta genero ikuspegia txertatzeaz gain, irisgarritasun kognitiboa ere landu da desgaitasuna duten pertsonak Tolosan ahalik eta erosoen mugitu daitezen. Besteak beste, plana gara-tzeko, irisgarritasuna, autonomia, segurtasuna, aire eta soinu kutsadurak edota Tolosa eskualdeko buru izatea kontuan izan dira. Halaber, herriko jarduera ekonomikoek beharrezko duten mugikortasuna bermatzea eta noski, mugikortasun eredu berriak bultzatzea lehentasunezkoa izango da: garraio kolektiboa, bizikleta... oinezkoei protagonismo berezia emanez. Hortaz, pertsona guztien egunerokotasuneko beharrak aintzakotzat hartu ditu dokumentuak. - M.S.S.