TOLOSA - 52. Haur Jaialdirako dena prest dago. Otsailaren 15ean ospatuko da, Kalderero Egunean, eta inauteriak ate joka diren honetan, Aiz Orratz elkarteak martxan jarri du Mozorro Lehiaketa.

Mozorro lehiaketan parte hartzeko, argazki edo bideo bat bidali beharko da WhatsApp (688 854 076 telefonora) edo email bidez (haurjaialdia@gmail.com helbidera). Artxiboarekin batera, izen-abizenak eta gurasoen kontakturako datuak jarri behar dira. Sarien artean, Ostegun Gizenean zezenak palkotik ikusteko sarrerak, haur zinerako bonuak edo Gozona gozotegiak eskainitako merienda izango dira. Argazkiak bidaltzeko epea otsailaren 10an amaituko da.

Azken urteetan egin izan den moduan, Hau Jaialdia goizez ospatuko da Leidorren. Jende askorentzat inauteri bezperetako tradizio txiki bihurtu da goizean egiten den kalejira: 11.45ean, elkartetik abiatuko dira Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa eta Aiz-Orratz txaranga. Trianguloan kalejirara batuko dira Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak. Eurak izango dira, 12.30etik aurrera ospatuko den jaialdiko protagonista nagusiak. Joseba Usabiaga izango da saioaren gidari lanetan. Besteak beste, Marrazki eta Mozorro Lehiaketako sariak banatuko dira. Gainera, hamaiketakoa eta zozketak izango dira bertaratzen direnentzat.

Otsailaren 14an jarriko dira salgai sarrerak, 18.00etan, Leidorreko lehiatilan. Egunean bertan ere erosteko aukera izango da, 11.00etatik aurrera, euro bateko prezioan.

ENTSEGUAK Aiz-Orratz elkarteak antolatzen duen Zaldunita Bezperako haurren danborradako kosaken entseguak asteburu honetan hasiko dira. Lehenengoa gaur izango da, 15.30ean, musika eskolan eta hurrengoak urtarrilaren 25ean, eta otsailaren 1ean eta 8an. Entsegu orokorra, berriz, otsailaren 16an izango da, Trianguloan, 11.00etan. Danborrada otsailaren 22an izango da eta urteroko ibilbide bera jarraituko du. - M.S.S.