Tolosa - Inauterien aurretik urteroko hitzordua badator. Korrikalariek ikastetxeen bitartez bideratuko dituzte izen-emateak, baina, hala nahi duenak, probaren egunean ere izango du izena emateko aukera, irteera ordua baino ordu erdi lehenago.

Ohi moduan, hiru kategoria izango dira. Benjamin, alebin eta infantilek parte hartuko dute, eta emakume eta gizonen kategoriak nor bere aldetik irtengo dira.

Itzuli motza eta itzuli luzea izango dira. Irteera eta helmuga San Frantzisko pasealekuan izango da eta itzuli motza egin behar dutenek, Foruen etorbidetik Zumalakarregi ibiltokitik igaro beharko dute, berriz ere San Frantzisko pasealekura iritsiz. Itzuli luzea egin behar dutenek, aldiz, alde zaharra zeharkatu beharko dute, Korreo kaletik barrena, plaza Berritik igaroz eta itzulera Arostegieta kaletik eginez.

Benjaminek (2010-2011 urtean jaiotakoak) itzuli motz bana egin beharko dute, hau da, 1.100 metro; eta alebinek (2008-2009 urtean jaiotakoak) itzuli luzea, hau da, 1.400 metro. Infantilen (2006-2007 urtean jaiotakoak) kasuan, ordea, ibilbide desberdina osatu beharko dute; emakumeek itzuli luze bat eta motz bat egin beharko dituzte, 1.950 metro, eta gizonek, aldiz, bi itzuli luze 2.800 metro.

Lasterketa korrikalari helduenek zabalduko dute, 11.30ean, eta azken txanda emakumezko benjaminena izango da, 12.30ak inguruan hasita. - M.S.S.