VILLABONA - KMK Ibiltaria erronka jaurti du Amasa-Villabonako Zubimusu ikastolak 2020ko Kilometroak logoa eta leloa ahalik eta gehien zabaltzeko.

Erronka onartzen dutenek, bi aukera izango dituzte. Lehen aukera da dauden tokian daudela, Kilometroak-eko arropa edo osagarriak soinean dituztela argazkiak atera-tzea. Bigarren aukera, berriz, da Korri, punpa, ttak esanez bideo bat grabatzea, pilota jaurtitzen ariko balira bezala.

Erronka onartu eta argazkiak zein bideoak egiten dituztenek sare sozialetan zabaldu behar dituzte, #KMKIbiltaria eta #KorriPunpaTtak hastag-ak erabiliz eta @Kilometroak aipatuz. Nahi dutenek komunikazioa@kilometroak.eus helbidera ere bidali di-tzakete irudiak, eta Kilometroak-en arduradunek Kilometroak-en sare sozialetan zabalduko dituzte.

Horrela, hegalak zabaltzeko deia egin dute Zubimusu ikastolatik: "Gauden tokian gaudela ere, jaurti dezagun pilota han eta hemen, batean eta bestean, Euskal Herrian zein munduko edozein txokotan", esan dute.

Bestalde, gogoratu dute zabalik dagoela Altzin auzoko 3. zenbakian 2020ko Kilometroak jaiari lotutako materiala biltzen duen denda. Eskaintza zabala da: nikiak, kirol-jertseak, zirak, txubaskeroak, biserak, buffak, botilak, aterkiak, askari-zorroak edota giltzatakoak. Zabalik dago astelehentik ostegunera 17.00etatik 20.00etara eta larunbatetan 10.00etatik 13.00etara. - M.S.S.