Villabona - Amasa-Villabonako Udalak 2014 urtean herritarrek Larrea parkea estaltzeko aukeratu zuten proiektuarekin aurrera egitea erabaki du. Nahiz eta 2020ko aurrekontuetan partida zehatza jasota ez egon, udal gobernuak aditzera eman duenez, urte hasieran proiektua eslei-tzeko asmoa dago 201.000 euroko aurrekontuarekin eta lanak iraila baino lehen hasteko helburua dago.

Villabonako haur parke bat estaltzeko gaiak soka luzea ekarri du azken urteotan. 2014an prozesu parte hartzaile bat martxan jarri zuen Udalak, Galder Azkue alkate zela. Prozesu honen baitan, herritarren eskuetan utzi zen herriko zein parke estaltzeko erabakia. Herriko hiru gune aukeratu ziren (Arroa, Malkar eta Larrea) eta hamairu proiektu jarri ziren mahai gainean.

Udalak lehiaketa bat egin zuen eta hamabost arkitekto-talde aurkeztu ziren. Onartutako proiektu guztiekin erakusketa bat egin zen, saio informatiboak egin ziren herritarrengana iristeko eta, azkenean, Larreako haur parkea estaltzeko Rayuela izeneko proiektuak jaso zituen bozka gehien. Proiektu honen baitan, material garden eta koloreduneko estalki bat ezartzea proposatzen zen.

Gobernu aldaketarekin, ordea, proiektua alde batera geratu zen. Iaz Maite Izagirre alkateak "udalerriko haurrentzako parkeak modernizatzen eta hiriko birsorkuntza egiten jarraitzeko" helburua zuela esan zuen eta Larrea parkea berritu zuen, baina estalkirik gabe. Eremuaren fisionomia aldatu da jolasteko aparailu berriak ezarri ziren. Montajes Garra SL enpresa zizurkildarrari eman zitzaion berrikuntza honen ardura, 25.476 euroko aurrekontuarekin.

EAJko alkatearen hitzetan "zalantza asko" sortzen zizkion aurreko legealdian Larrea parkerako landu zen proiektuak. Hala ere, Amasa-Villabonak parke estali bat beharrezkoa duela defendatu zuen eta kiroldegi atzeko eremuko Maiatzak 1 izeneko parkea estaltzeko asmoa azaldu zuen hauteskundeen aurretik. 82.000 euroko aurrekontua zuen proiektu "dinamiko eta modernoa" aurkeztu zuten eremu hau "kirol gune eta gune ludiko" bezala egokituz.

Orain, aldiz, EH Bilduk atzera egingo duela aditzera eman du eta 2014ko proiektua berreskuratuko duela.- M.S.S.