- Koronabirusaren pandemia tarteko, ezinezkoa izan da azken bi urteetan Urdiaingo kantaia egitea San Joan bezperan. Iraultza dantza taldeak azkenekoz 2019 urtean eman zion ongietorria udako solstizioari Errenterian.

Alabaina, aurten, berriro ere Iraultza dantza taldeak 1994 urteaz geroztik urtero San Joan bezperan egin duen Urdiaingo kantaia eskainiko du iluntzeko 22.00etan Herriko Enparantzan.

Urdiaingo kantaia, erritu pagano- erlijiosoa da. Emakumeak dira protagonista bakarrak. Hauek bi gona janzten dituzte, bigarrena burura lotuta, soilik aurpegia bistan utzita. Eskuetatik helduta borobila osatzen dute.

Orduan, 29 bertsoz osatutako San Joan gaueko kantua abesten dute, eskuekin erritmoa jarraituta. San Joan gaua, natura, erlijioa eta uztak aipatzen dira kantuan.

Urdiaingo kantaia San Joan bezperan egiten zen, Udako solstizioan, urtarorako eguraldi ona eta uzta oparoak izan zitezen eskatzeko. Horretarako, amaieran konjuroa botatzen da: "Orain arte behar hemendik aurrera gari".

Jose Mari Satrustegi etnografoak berreskuratu zuen ohitura hau. Iraultza dantza taldeari irakatsi eta 1994. urteaz geroztik, urtero egin da Errenteriako Herriko Enparantzan.

Iraultza dantza taldearen emanaldia amaitzerakoan, Ereintza dantza taldeak soka-dantza eskainiko du, Ereintza txistulari taldearen lagun-tzarekin.

Azkenik, sua piztuko da. Horretarako Oreretak joan den larunbatean piztutako garra erabiliko da.