iartzungo Kulturaz Bete Arte Herri Dinamika iazko apirilean hasitako herriko kultur ereduaren inguruan hausnarketa batetik sortu da. Beste kulturgile, zale eta sortzaile batzuk prozesura batzeko eta hausnarketaren emaitzak aurkezteko datorren maiatzaren 7an egun osoko Kulturaz Bete Arte izeneko jardunaldia antolatu du.

Goizeko saioak udaletxeko areto nagusian izango dira eta arratsaldekoak, Arizmendieneako lorategian, eguraldiaren arabera. Antolatu den bazkaria dohainik da parte-hartzaileentzat, baina antolaketa lanak errazteko, asteazkena baino lehen izena emateko eskatu dute. Horretarako, hiru bide daude: e-maila (ekarpenak@oiartzun.eus), telefonoa (943 490 142) eta online online . Esan bezala, helburua herriko kulturgintzaren inguruan egindako hausnarketa partekatu, iritziak trukatu eta beste esperien-tziak ezagutzea da.

Iazko apirileko lehenengo asanblada Udalak deitu zuen Landetxeko kultur aretoa egiten hasia zela aitzakia hartuta. Aretoaz eta aretoaren kudeaketaz hitz egin zen, baina batez ere, herriko kulturgintzaren inguruan hausnartzeko eta herriko kultur ereduaren inguruan pentsatzeko deitu zen bilera.

Guztira, lau asanblada egin ziren. Haietan, “Oiartzungo kulturgintzak izatea nahiko genituzkeen ezaugarriak eta balioak” zehaztu ziren: euskalduna, feminista, herritarra, herrigilea, parte-hartzailea, horizontala, sortzailea eta inklusiboa.

Hausnarketa prozesua arinago joateko, talde eragile bat sortu zen, behin-behinekoa. Hiru helburu jarri zitzaizkion talde horri: Oiartzungo kulturgintzaren eta eraikin berriaren kudeaketa eredua aztertzea, Oiartzungo kultur proiektua diseinatzea eta bi zeregin horiek posible egingo dituen antolakuntza egituratzea.

Talde eragile eta asanblada horien ondorio sortu da Kulturaz Bete Arte Herri Dinamika.

Talde eragilearen lehendabiziko lanetako bat izan zen herriko kultur eragileen zerrenda egitea eta banaka elkartzea horiekin, prozesua ahalik eta eragile gehienen artean osatu eta elkarren berri izateko.

Beste bi lan nagusitan ere aritu da talde eragilea orain arte: kultur proiektuan (orain arteko kulturgintzaren gakoak identifikatu, artikulazio berri baterako oinarriak jarri, 2023ra bitarteko programazioa pentsatu...) eta kultur kudeaketan. Oiartzunera egokituko den eredua sortzeko beharra, beste herrietako ereduetatik ikasteko aukera, baliabideak kudeatzeko modua, bideragarritasun ekonomikoa... izan dituzte hizketagai.

Atera diren ideia, hausnarketa eta zalantzei erantzuna emateko asmoz sortu da maiatzaren 7rako jardunaldia. “Uste dugu herriko kulturgile eta kulturzaleok erabaki behar dugula kultura eredu berri hori zertarako, nork eta nola egin behar duen”, azpimarratu dute Kulturaz Bete Arte Herri Dinamikatik.

Egun osoko jardunaldia antolatu dute kulturgile eta kulturzaleekin iritziak trukatu eta beste esperientziak ezagutzeko