- Haurrengan sormena pizteko ekimen aitzindaria abian jarriko da Errenteriako Lekuona Fabrikan, Filosofiaren Plaza izenekoa. Aste honetan, hilaren 29an, jarriko da martxan eta ekainaren 17ra arte izango dira saioak, ostiraletan. Guztira zortzi saio dira. Izen-ematea doakoa da eta zabalik dago sarrerak errenteria.eus webgunean.

Honela, bederatzi eta hamabi urte arteko haur talde finkoa eratuko da eta astero izango dute hitzordua parte-hartzaileek. 17.30etik 19.00etara elkartuko dira Lekuonako Plaza Horian, non astero diziplina bat ezagutzeko aukera izango duten, sor-tzaile ezberdinen eskutik.

Honenbestez, antzerkia, musika, margolaritza, jostailuen diseinua, literatura eta ipuin kontalaritzaren esparruak inguratzen dituzten prozesuak, aurrekariak, zergatiak eta produktuak aurkeztuko dizkiete, besteak beste, herriko hainbat profesionalek.

Hortik abiatuta, elkarrizketa filosofikoan arituko dira, proiektua sortu duen Jakinmin elkarteko kide bat bidelagun dutela. Horrela bada, gaztetxoek kreatibitatearen inguruko hausnarketa propioa egin ahal izango dute.

Saio bakoitzaren bigarren zatian, berriz, sortzeko aukera izango dute haurrek. Diziplina ezberdinekin lotutako materialak izango dituzte eta, askatasunez, sormen propioarekin esperimentatzen hasteko aukera izango dute.

Errenteriako Udalak antolatu du esperientzia hau Jakinmin elkartearen eskutik, eta Kutxa Fundazioak diruz lagundu du. Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkarteak haur filosofia modu ludikoan lantzen du Euskal Herrian zehar. Orain abiatu behar duten honetan, pentsamendu sortzailea izango dute euren lanaren ardatz eta bere aburuz, "filosofiaren praktikak trebatze horretan laguntzen du".