- Atzo Maite Gartziak, Kultura zinegotziak, eta Iker Tolosak, Kultura teknikariak, prentsa aurrean, arte bizien programazioa anitza eta adin eta gustu guztietarako izango dela adierazi zuten. Oholtza gainean oso izaera ezberdinetako pertsonaiak arituko direla nabarmendu zuten. Horrela, apirilean eta maiatzean Errenteriako Lekuona Fabrikak eta Niessen Kulturguneak antzerki emanaldiak izango dituzte nagusi, baina dantzarako eta musikarako tartea ere egongo da.

Node konpainiaren Hiru hitzetan proposamenarekin hasiko da apirila. Ikuskizun hau sortzeko dantza garaikidea oinarrian duten hiru konpainien hiru lan batu dituzte: Noderen Emakumeak, Amaia Elizaran eta Xabier Zeberioren Out eta Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesgaren Leiho zikin, zeru garbi. Larunbatean izango da, Niessen Kulturgunean, 20.00etan.

Borobil Teatroak Narzis@ publiko familiarrarentzako ikuskizuna eskainiko du apirilaren 8an. Bi egun geroago, hilaren 10ean, Atx Teatroaren Lubaki lainotsua an-tzezlana ikusteko parada izango dute Niessen Kulturgunera bertaratzen direnak. Gainera, apirilaren 13an Bettina Szabo dantzariak egonaldi irteerako emanaldia eskainiko du Niessen Kulturgunean, 19.00etan. Emakumearen bizitzako hainbat etapatan banatzen den Zeruki izeneko lanaren erakustaldia egingo du. Dantzagunearekin elkarlanean programatutako saioa da. Hilabetea amaitzeko, dantza urbanoen U-Battle txapelketa bat ere izango da. Unity proiektuaren eskutik, bi mailatan banatuta antolatu dute ekitaldia: kids eta all styles. Lekuona Fabrikan izango da hilaren 14an, 16.00etan.

Hurrengo hitzordua maiatzaren 8an izango da. La dramática errante konpainiak Altsasu antzezlana oholtzaratuko du. Gainera, Atarian ekimenari esker, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango du. Musikaren txanda maia-tzaren 13an iritsiko da, euskal talde baten eskutik. Azkenik, 20an, Spasmo Teatrok Giza gorputzaren erdigunera bidaia antzezlan familiarra eskainiko du.