- Aurtengo auzokonpostajeko ekintzak hasiko dira bihar Lezon. Bisiten ordena azken urteotako berdina izango da: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene. 9.00etan hasiko dira ikuskaritzak eta bakoitzak 45 minutu eta ordubete artean iraungo du.

Azken bi urteotan egin den bezala, aurten ere zortzi jarraipen bisita aurreikusten dira. Aste honetakoa lehenengoa izango da eta hurrengoak, apirilean, maiatzean, ekainean, uztailean, irailaren hasieran (abuztuari dagokiona), urrian eta abenduan izango dira.

Udaletik gogorazi dutenez, 2022 urtean zehar, 2021ean egin zen bezala, bisitak asteazkenetan izango dira. Oro har, aipatutako hilabeteetako azken asteazkena, abendukoa izan ezik. Hau, hilaren 13an gauzatuko da, asteartean.

"Azken bi urte hauetan dinamika honek onurak ekarri dituela ikusita, konpromiso honekin jarraituko dugu, emaitza positiboak ematen jarraituko duela espero baitugu", adierazi dute Udaletik. Izan ere, azpimarratu dutenez, konpostajearen praktika onak, jarraipena egiteko bisiten maiztasun handiagoarekin batera, oso onuragarriak direla egiaztatu da; batez ere, konpostagailuen barruko tenperatura altuen mantentzearen medioz, prozesuaren bukaeran lortzen den konpostaren maila higieniko egokia lortzeko.

Behin berriro, Udalak konpostajearen inguruan, lasaitasun mezua zabaltzen jarraitu nahi du. Bai Udalak, baita zerbitzu teknikoak ere, egungo osasun egoeraren bilakaera jarraitzen dute. "Jarraipen bisita hauen helburuetako bat parte har-tzen duzuen familiek bisitetan ere parte hartzea da eta egoera hobe-tzen ibiltzen dela ikusita, bisitetara agertzea gonbidatzen zaituztegu, nahi izanez gero", animatu dute.

Azkenik, egutegi edo ordutegian gerta daitekeen edozein aldaketa aldez aurretik jakinaraziko direla gogorazi dute. Baita ere kanpainaren komunikabideak, auzokonpostalezo@gmail.com helbide elektronikoa eta WhatsApp linea bat (647 057 402), parte-hartzaileen esku daudela edozein galdera egiteko ala zalantzak argitzeko.