- Oiartzungo Osoko Bilkurak lehen sektorerako 60.000 euroko dirulaguntza onartu zituen aho batez.

Jon del Olmo Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, "sektoreko profesionalak etorri zaizkigu, kezkatuta. Batez ere pentsuaren eta argindarraren prezioen igoerak behar berriak ekarri ditu". Lagunduko diren arloak inbertsio eta hobekuntza gastuak, uraren ordainketa, animalien kudeaketa eta bestelakoak (emakumeak sektoreratzea sustatzea, abandonatutako lurren berreskurapena, bertako arrazen berreskurapena...) izango dira.

Bestalde, enplegua sustatzeko Oarsoaldea mailako hitzarmena ere onartu zen. Eskualdeko lau udalen arteko hitzarmen honen baitan, Errenteria izango da Lanbideren aurreko ordezkaria, eta Jexux Leonet alkatea Oiartzungo ordezkaria.

Gainera, 2022ko Gizarte-Ongizate arloko dirulaguntzen oinarriak eta deialdiek ere aurrera egin zuten, aho batez. Adingabekoak ardurapean dituzten familiak laguntzeko 130.000 euro bideratuko dira eta bazterkeria arriskuan dauden norbanako eta familiak laguntzeko, 90.000 euro.

Landa eremura bideratutako Bidez Bide eta Bidelagun programak mantentzeko 50.400 euroko dirulagun-tza ere onartu zen ahobatez. Behemendi Elkarteak kudeatzen ditu programa hauek. Heltarekin ikasturte honetako dirulaguntza eta Haurtzaro ikastolarekin hitzarmena beste lau urterako luzatzea ere onartu ziren, aho batez.