Oiartzungo 2022ko tasak eta zergak %1,5 garestituko dira

Azkeneko Udalbatzarrean aho batez onartu zen ordenantza fiskalen igoera, baina etxez etxeko tasa izoztea erabaki da

07.10.2021 | 01:05

Oiartzun – Oiartzungo iraileko ohiko udalbatzarrean, gai guztiak ahobatez onartu ziren. Horien artean, 2022ko udal zergen ordenantzari hasierako onarpena eman zitzaion.

Irizpide orokor gisa, %1,5 igoko dira Oiartzungo udal tasak eta zergak datorren urtean. Salbuespenak ere izango dira; adibidez, etxez etxeko zerbitzuaren tasa mantendu egingo da.

Jon del Olmo Ogasun zinegotziak udalbatzarrean azaldu zuenez, "normalean KPIaren araberako igoera aplikatzen dugu. Aurten, energian izaten ari den igoera dela eta, KPIak igoera handia izango duela dirudi eta beldurra eman digu horrek. Horregatik, erdibideko igoera bat proposatu dugu". Gaur egun KPIa %4 inguruan dago.

Bestetik, Oiartzungo udal kirol instalazioetan prezio murrizketak eskatzeko irizpideak aldatzea ere onartu zen.

Azkenik, Saltsa Guztien Perrexila elkartearekin lau urterako hitzarmena ere onartu zen, irabazi asmorik gabeko elkarte honek antzerki-eskolak emateko eta Karaez kaleko laugarren zenbakiko lokala erabiltzeko.

Amaitzeko protokolo gastuen berri eman zen. Abuztuan gastua 230 euro izan zen lore, eskela eta oroigarritan. Irailean, berriz, ez da protokolo gasturik izan.

hondakin tasa Bestalde, hondakinen tasaren bigarren zatia ordain-tzeko epea ireki da. Azaroaren 10a izango da ordainketa egiteko epemuga. Ordainketak helbideratuak dituzten herritarrei urriaren 29an kobratuko zaie.

noticias de noticiasdegipuzkoa