- Lezoko udazkeneko agenda kulturala aurkeztu dute aste honetan Jesus Mari Martiarena alkateak eta Xanti Val Kultura teknikariak. Aurreratu dutenez, datozen hilabeteko programak hiru berrikuntza ekarriko ditu.

Hasteko, memoria historikoari tartea eskainiko zaio. Datozen urtetara begira, sasoi honetan, modu ezberdinetan, kontsolidatu nahi duten jarduera izango da.

Gainera, poesiari ate berri bat zabaldu nahi dio aurten Lezoko Udalak. Valek adierazi duenez, oso emanaldi politak izango dira, goi mailako idazleekin, eta azkeneko saioa Santo Kriston burutuko da.

Amaitzeko, dantza sorkuntzatik gertu dauden leiho irekiak antolatuko dira, Dantzaz elkartearen laguntzarekin. Leiho horietan, koreografo gazteek, urritik apirilera bitarte, ostegunetan, hilean behin, egingo diren saioetan, hasiera-hasieratik koreografia sortzeko prozesua partekatuko dute.

Ekitaldi, ordutegi eta sarreren salmenta Lezoko webgunean eta app-an aurkitu daitezke. Eta atzotik, egitaraua etxez etxe banatzen ari dira, Lezoko Udalaren ildo estrategiko nagusienetako kultura izanik.