Aurten ez dira jairik egongo Pasai Donibanen. Hala ere, Jai Batzordeak hainbat ekimen prestatu ditu, osasun berme guztiekin Covid-19 pandemia dela eta.

Honela, gaur 11.30ean haur eta gazteentzat jolasak egongo dira Santiago plazan eta 16.00etatik aurrera puzgarriak ipiniko dituzte Bixi-Bixi plazan.

Asteartean, 17.30ean arrantza txapelketa hasiko da Bonantzan eta gauean, 22.00etan kale zinema egongo da Santiago plazan. Ilargi guztiak filma ikusteko aukera egongo da eta Igor Legarreta zuzendaria bertan egongo da.

Uztailaren 30ean, 20.00etan, Aukeran dantza taldeak Maurizia naz ikuskizuna eskainiko du Santiago plazan eta 22.00etan, eszenatoki berdinean, Donibaneko jaietako argazki bideo emanaldia egongo da.

Amaitzeko, uztailaren 31n, San Inazio egunean, 11.00etan bateleren desfilea egongo da kalean barrena eta 13.00etan dantza egingo dute plazan.

Azkeneko Osoko Bilkuran Pasaiako Udalak kultura "premia biziko ondasun" izendatzea onartu zuen.

Akordio honen bidez, kultur mahai bat osatuko da, kultur eragileekin programazioa adostuko da eta diru laguntzen ordenantza berrituko dute.

Gai hau EH Bilduk aurkeztutako mozio bati esker eztabaidatu zen Udalbatzarrean. Baina azkenean, EAJrekin eta PSE-EErekin transakzio-emendakin bat adostu zuten eta azkeneko testu hau izan zen aurrera atera zena.

Hala ere, bi dokumentuak oso an-tzekoak ziren eta aipatutako hiru puntuak bietan jasotzen ziren.