- Errenteriako Artisau Auzoko kide den Ainhoa Redondok datorren hilabetean marrazketa, pintura eta ilustrazioko ikastaroak eskainiko ditu, Mauka motzetan! izenburupean.

Bi txanda egongo dira, uztailaren 5etik 9ra edota uztailaren 12tik 16ra. Ikastaroak Redondok Kaxko Historikoko Orereta kaleko 2. zenbakian duen 13/20 arte tailerrean burutuko dira. Ikastaroan izena emateko zuzenean tailerrera jo edo info@ainhoaredondo.eus helbidera idatzi behar da. Informazio gehiago behar duenak www.ainhoaredondo.eus/tailerra webgunea bisitatu dezake.

Ainhoa Redondo irudigilea, margolaria eta ikus-entzunezko sormenean aritutakoa da. Txikitatik hasita, ibilbide luzea egin du marrazketa munduan baina ipuingintzak eta ilustrazioak txunditu zuen eta hainbat libururi freskotasuna eta alaitasuna eman die bere ilustrazioen bidez, hala baitira bere irudiak: ederrak, freskoak, alaiak, izaera propioa duten horietakoak.

Errenteriako Habian! inkubagailuan egon bitartean, hainbat proiektu jarri ditu martxan, Oroimin bilduma eta Barrutik kanporako irriak, besteak beste. Argitaletxe ezberdinetan ere aritu da, horien artean Denonartean, Elkar, Ikastolen Elkartea, Desclee eta Ibaizabal.

Ikasturtean zehar sormen tailerretan murgilduta egon ondoren, orain, bere pasioa transmititzeko ilustrazio ikastaroak eskainiko ditu.

Urritik ekaina bitartean ere ikastaroak antolatzen ditu eta hauei buruzko informazioa lortzeko aipatutako mailera idatzi behar da.