- Pasaiako haurrek San Pedroko Morales Olivier plazan diseinatu duten jolasgunea datorren larunbatean inauguratuko da 17.00etatik aurrera. Ekitaldian, prozesuan parte hartu duten gazteek euren ibilbide eta esperientzia kontatuko dituzte. Bestetik, parkour tailerra eta ping-pong txapelketa antolatu dituzte.

Pasaiako Udaletik gogoratu dutenez, San Pedroko jolasgunea diseinatu eta eraikitzeko parte-hartze prozesua 2020an abiatu zuen Haur eta Nerabeen sailak. Haurrek San Pedron jolas eremu bat behar zutela adierazi zuten eta, haien interesetik abiatuta, eraikitzea erabaki zuten. Prozesua dinamizatzen Udaleko teknikari eta hezitzaileak aritu ziren.

Azken hilabeteetan, jolasgunea diseinatu, proposamena herritarrei aurkeztu eta jolasguneko hainbat elementu auzolanean eraiki dituzte. Adibidez, tobogan handi bat, parkour eremu bat eta ping-pong mahai bat ipini dituzte, besteak beste. Gainera, Morales Olivier plazako paretak muralekin apaindu dituzte.

Parte-hartze prozesu hau Udalak abian jarritako Eskubidean planaren baitan kokatzen da. Pasaiako Udalak haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko udal plana garatu zuen, eta berorren bitartez, udal bizitzan eta Pasaiako herrian haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzeaz gain, adingabeak subjektu politiko bihurtzea du helburu.

Haien arteko eta eragileen arteko elkarlana dinamizatzen laguntzeko proiektua da Eskubidean: "Udalean aspaldi ulertu genuen gure herriko 2.430 haur eta nerabeak babestea gure herriaren etorkizunaren aldeko apustua egitea zela".

Planean lanerako sei ardatz jaso-tzen dira: haur eta nerabeen parte-hartze aktiboa bultzatzea subjektu politiko gisa, haur eta nerabeentzako partaidetzako sistema bat martxan jartzea (ekintza planean jasotako proposamenak lantzeko), ahalduntze indibiduala eta kolektiboa egin ditzaketen ekarpenak bistaratzeko, haur eta nerabeekin elkarlanean lan egitea, bazterkeria ekiditeko kontzientzia kolektiboa indar-tzea eta erakundeak (elkarteak, e.a.) suspertzea.