- Datozen asteotan bost antzezlan eskainiko dira Niessen kulturguneak. Atzo Errenteriako Udalak apirilean eta maiatzean izango duen programazioa aurkeztu zuen.

Lehendabiziko hitzordua igandean izango da, hilak 25: Teatro en Vilo konpainiak Hoy puede ser mi gran noche antzezlana eskainiko du 19.00etan. Bakarrizketa komiko eta musikal honek 90eko hamarkadako Galiziako orkestra-abeslari baten eta bere alaben istorio liluragarria kontatuko du oholtza gainean.

Hilaren 30ean, Teatro Paraíso konpainiak Uniko ikuskizuna eskainiko dio publiko familiarrari: bere arrebaren jaiotzaren ondorioz, maitatua izateari uztearen beldur izango den Paul mutikoa izango da istorio honen protagonista.

Maiatza Proyecto 43-2 taldearen izen bereko antzerki obrarekin hasiko da. Ikuskizunak 2011ko Euskal Herrira eramango ditu ikusleak eta gatazkak sortutako errealitatearen bost pertzepzio dituzten bost pertsonen bizipenak taularatuko dituzte aktoreek. Hilaren 2an izango da hori, 19.00etan.

LGTBI+ Mahaiak antolatuta, maiatzaren 7an, 18.00etan, Mari, Meri eta Lari ikuskizuna iritsiko da Niessenera. Eidabek sexuen eta generoen aniztasunari, familia-eredu desberdinei, beldurrei eta, batez ere, askatasunari buruzko hausnarketa sustatu nahi du antzezlan honekin.

Amaitzeko, maiatzaren 9an, Axut! konpainia lapurtarrak Amua bere azken lana eskainiko du 19.00etan. Komedia sentimental politiko honetan Anak bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera; azken asteburu bat pasako dute, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Niessengo leihatilan eta bibe.me plataforman.