Oarsoaldea | Aste Santu honetan aire libreko ekintzak nagusi izango dira

Agentziak itsasoaz, mendietaz eta bide berdeaz gozatzeko ideiak bildu ditu

02.04.2021 | 00:04
'Lucretia' belaontzi klasikoa. Argazkia: N.G.

Pasaia –  Aire librean egin daitezkeen ekintzak proposatu ditu Oarsoaldea garapen agentziak Aste Santuari begira. Itsasoaz, mendietaz eta bide berdeaz disfrutatzeko aukerak jaso ditu.

Honela, itsasoari begira, hiru plan antolatu dituzte. Lehenengoa Lucretia egurrezko belaontzi klasikoan nabigatzeko proposamena da, familiarekin edota lagunekin, Pasaiako Badia abiapuntua izanik. Gehienez hamabi lagun joan daitezke ontzian eta neurrirako bidaiak ere egiten ditu Ostarte Sailing enpresak.

Bestalde, Pasaian aukera ugari dago itsasontzi bat alokatzeko eta norberak gustukoen duen jarduera egiteko: nabigazioa, arrantza-irteerak, afariak, snorkel, zetazeoen behaketa, e.a. Alokairurako aukera desberdinak daude: patroiarekin, patroirik gabe, ibilbide gidatuak, neurrirako zerbitzuak€

Azkenik, Pasaiako badian piragua eta paddle surf taulak alokatzen dituzte. Ez da esperientziarik izan behar, pertsona guztientzako jarduera egokia da. Gainera, bi pertsonen-tzako piraguak ere badituzte.

Oarsoaldeak itsasoaz gain, mendia eta natura ere gertu ditu. Izan ere, beste plan bat Aiako Harria parke naturalean barrena orientazio ibilbideak jarraitzea da. Pista-joko dibertigarri honekin, orientazio sena frogan jartzen da. Lau ibilbide dira, distantzia eta zailtasun ezberdinekin, Barrengoloiako atsedenlekua (Errenteria) abiapuntua dutela. Ibilbideak Aiako Harria Parke Naturalean kokatzen dira eta adin guztien-tzat dira egokiak. Ibilbideak egiteko mapak Errenteriako Turismo Bulegoan eskuratu daitezke edo baita telefono mugikorrean deskargatu ere.

Jaizkibel mendiak ere hainbat aukera eskaintzen ditu. Guztien artean aurtengo Aste Santurako Lezo-Xoxolurra-Alarguntza ibilaldia proposatu dute. Lezoko Bekoerrota kiroldegian hasten da mendi ibilaldi zirkularra eta Jaizkibel mendiaren hegoaldean zehar doa, guztira hamaika kilometro. Hasieran malda igo behar bada ere, bidea atseginagoa egiten da bigarren kilometrotik aurrera. Bista zoragarriez eta interes kultural eta historiko handia duten elementuez gozatzeko ibilbidea da.

Mendiko burubideei dagokienez, bide berdea oinez edo bizikletaz egitea eta Oiartzungo Arditurriko mea-tzeak bisitatzea jende askorentzat plan bikaina da, kirola, natura, kultura eta historia bateratzen dituelako. Opor egun hauetan gainera zenbait eskaintza berezi antolatu dira Arditurrin. Apirilaren 10ean Tren Berdea eta meategian bisita gidatua prezio murriztuan eskainiko dira. Trena hiru ordu ezberdinetan aterako da Oiartzungo Pagoaldea gunetik, handik Arditurrira abiatzeko. Bertan oinarrizko bisita gidatua egin eta, inguruaz gozatu ondoren, trena hasierako puntura itzuliko da.

Gainera, apirilaren 4an eta 11an orientazio jolasa familian jarduera eskainiko da. Ibilaldiak ordu eta erdikoak dira eta errazak dira (3 km.). Bi jarduera hauetarako erreserba aldez aurretik egin behar da.

Museoak Aire libreaz gain, eskualdean museo eskaintza zabala dago: Arditurriko meatzea, Luberri geologia museoa eta Soinuenea Herri Musikaren Txokoa Oiartzunen; Jan-tziaren Zentroa Errenterian eta Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Mater ontzi museo ekoaktiboa Pasaian. Museoak prezio murriztuan bisitatzeko doako esku-orri bat betez lor daiteke. Bigarren aukera bat museo-bonoa da, museo guztiak 12,50 euro ordainduta bisitatu ahal izango direlarik.

Museo-bonoak, deskontu-foiletoa eta informazio gehiago Errenteriako eta Oiartzungo turismo bulegoetan lor daitezke, baita eskualdeko museoetan ere.

Arditurriko meategiek ekimen bereziak prestatu dituzte Aste Santuan: Tren berdean ibilaldia eta orientazio jolasak familian