- Errenteriako Niessen kulturgunean kultur ikuskizun andana izango da asteburu honetatik aurrera eta hilabete amaitu arte. Izan ere, Emakumearen Nazioarteko Egunaren markoan bi ikuskizun programatu dituzte. Gaur Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua liburuko poemak oholtzaratuko ditu Metrokoadrokak izen bereko ikuskizunean. Hilaren 28an, berriz, Las XL taldea Degenérate mucho lanarekin etorriko da negar eta algara, kontraesan pertsonal eta kolektiboak, inposizioak eta errebeldia oinarri dituen lana eskaintzera. Saio biak 19.00etan hasiko dira.

Bi ikuskizun horien artean, baina, Benetan Be konpainia bizkaitarra helduko da, martxoaren 27an, Porno versus Afrodita euskarazko lanarekin: gaztetxe batean emango den azken kontzertua irudikatuko dute protagonistek, 19.00etan. Gainera, Atarian ekimenari esker, antzezlan honen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango du.

Aurkeztutako programazioaz gain, sorkuntza prozesuan dauden beste bi proiektu ere erakutsiko ditu kulturguneak. Izan ere, Udalak hainbat konpainiei euren lana garatzeko espazioa eta baliabideak eskaintzen dizkie eta bertan burutzen duten lana herritarrei hurbiltzea da emanaldi hauen helburua. Lehenengoa, Apotheosis Buffo, atzo ikusteko aukera egon zen eta bigarrena, hilaren 29an, 18.30ean, Itsaso A. Cano koreografo nafarrak gidatutako Groove ikuskizunaren entsegu irekia izango da.

Aipatu ikuskizunen sarrerak dagoeneko salgai daude Niessen kulturguneko harrera bulegoan eta bibe.me plataforman.