- Tipi-Topa ekimenak aste honetan ekingo dio berriro urte berria osasuntsu hasteko xedearekin eta oihkoa denez, ibilaldiak ostegunetan egingo dira bi txandatan, 10.45ean lehena eta 11.00etan bigarrena.

Topagunea, urrian bezala, Bekoerrota kiroldegiko Koldobike Gezala frontoia izango da. Izan ere, aipatu espazioa handia, estalia eta irekia da aireztapenari dagokionez, eta guzti horrek parte-hartzaileen arteko segurtasun distantzia bermatzen laguntzen du.

Ibilaldiak betikoak izango dira eta sei laguneko taldetan egingo dira. Urrian egin bezala, segurtasun neurri nagusi gisa, noski, musukoaren erabilera azpimarratu du Udalak. Honenbestez, ezinbestekoa izango da ibilaldi osoan zehar musuko kirurgikoa erabiltzea eta saio hasieran zein amaieran eskuak bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin desinfektatzea. Era berean, ez da materialik egongo elkartrukean eta ur edalontzirik banatuko ez denez, norberak berea eramatea gomendatzen da. Saio bukaeran, halaber, ez da mokadutxorik eskainiko, baina beste ekintzaren bat egingo da ibilaldia ixteko.

Ibilaldiari dagokionez eta landutako osasun eta segurtasun protokoloari jarraiki, parte-hartzaile zein begirale ororen segurtasuna eta osasuna bermatze aldera, oinez ibiltzeko laguntzailea behar dutenek, laguntzaile horretaz baliatu beharko dute ibilaldi osoan, hau da, pertsona laguntzaile horrek saio guztian zehar gelditu beharko du.

Udalak gogorarazi du Tipi-Topa herritar guztiei irekia dela, nahiz eta bereziki 60 urtetik gorakoentzat eta aktibitate fisikorik egiten ez dutenentzat aurreikusita dagoen. Ibilaldietan parte hartu nahi dutenek ostegunean Koldobike Gezala frontoira gerturatu besterik ez dute.

Bestalde, asteartero, Martxan +60 ekimena eskaintzen jarraitzen du Udalak, adineko pertsonek ariketa desberdinak egiteko saioak, alegia. Ekintzak 11.00etatik frontoian buru-tzen dira.