- Eragileen lana babesten eta bultzatzen jarraitzeko Lezoko Udalak ekintza eta ekitaldiz josiriko udazkenerako kultur agenda anitza osatu du. Segurtasun neurri zehatzak jarraituz burutuko dira ekitaldi guztiak.

Honenbestez, iraileko ekitaldiak Herri Eskolako patioan egingo dira 20.00etan eta doakoak izango dira. Urritik abendura bitartean egiten diren ekitaldiak, halaber, Gezala Auditoriumean izango dira. Datorren hilabetetik aurrera, haur an-tzerkiak 17.00etan hasiko dira eta sarrerak bi euroko prezioa izango dute. Beste emanaldi guztiak 20.00etan izango dira eta sarrerak zortzi euroko prezioa izango dute.

Osasun egoera honek, baina, hainbat ekitaldi kultur agendatik kanpo uztera behartu du Udala, horien artean literatura solasaldiak eta haurrentzako ipuin kontaketak. Aipatu bi ekintzen kasuan, segurtasun neurriek eta liburutegiko eraikinaren ezaugarriek ekintza horiek segurtasunez aurrera eramatea ezinezko egiten dute, baina, haurren ipuin kontaketen kasuan, Lezoko Udalak konfinamendu garaian martxan jarritako Ipuin Kapsulak online ekimenari helduko dio normaltasun berri honetan ere, haurrek ipuin kontaketaz gozatzen jarrai dezaten.

Bi ekintza horiekin batera, zinema ere agendatik kanpo utzi behar izan du Udalak. "Kasu honetan aretoak segurtasun protokoloak betetzeko aukera ematen badu ere, zaila egiten zaigu guztia behar den bezala kontrolatzea eta segurtasun protokoloak eskatzen duenari egokitzea. Horregatik, egitasmoa garatzen duen elkartearekin adostasunez, hiruhileko honetan zinema agendatik kanpo uztea erabaki dugu", azaldu du kultur zinegotziak, Ion Pombarrek.

Gauzak horrela, Lezoko Udalak, haurren eta helduen arte eszenikoari heldu die udazken honetan eta horri aurreko agendatik bertan behera gelditutako ekitaldiak ere gehitu dizkio, "kultur eragileen kalteak ahal den heinean ekiditeko eta kulturarekiko apustu zintzoa berresteko", gehitu du Pombarrek.