- Lezoarrek kalitatezko erreka batez gozatzeko helburuarekin, hainbat ekintza eta lan burutu ditu azken urteotan Udalak. Horietako azkena, maiatza eta ekainean hondakinak jasotzeko aurrera eraman duen kanpaina izan da, errekaren itxura naturala berreskuratzeko.

Izan ere, urtean zehar kale garbiketako brigadarekin errekaren garbiketa egin ohi du Udalak, eta garbiketa saio horietan bereziki errekara erori edo botatako plastikoak jaso-tzen ditu. Oraingo honetan, baina, errekaren berreskuratze eta mantentze lan horien baitan, urrats bat gehiago eman du Udalak eta maia-tza bukaeran eta asteazkenean bertan urteetan zehar errekan metatutako hondakin zaharrak kentzeko lanak egin ditu.

Lanak Herri Eskola eta kiroldegi inguruan burutu ditu, bertan aurkitu baitira hondakin gehienak, horietako asko, errekaren hondoan erdi lurperatuak. Atera diren hondakinen artean, besteak beste, erosketako orgatxoak, eserlekuak, obra-hondakinez betetako zakuak, metalezko pieza handiak, plastikozko lona handiak edota oihalak jaso dira. Hondakin horietako batzuen tamaina eta pisua dela eta, horiek ateratzeko garabi txiki bat erabili behar izan du Udalak.

Lezoko Udalak gogorazi duenez, lan asko burutu dituzte errekan. Esate baterako, ingurumen sailaren helburu nagusietako bat izan da erreka kutsatzen zuten ur zikinen isurketak detektatu eta horiei konponbidea ematea. Horri jarraiki, egindako lanei esker aipatu ur zikinen isurketak ondo bideratu dira, eta gaur egun isurketa puntualak gertatzen badira ere, errekako uraren kalitatea berreskuratu da.

Horrez gain, erreka ertzeko landarediaren kudeaketarako irizpide berriak ere finkatu ditu Udalak, URA Ur Agentziaren oniritziarekin. Irizpide berri horiei esker errekaren egoera ona mantentzeko bereziki garrantzitsua den landaretza berreskuratzen ari da, zuhaitz zein zuhaixkak. Landaretza horrek, bertako faunaren babesleku izateaz gain, errekako uraren tenperatura mantentzea lortzen du, itzalaren bidez.

Gauzak horrela, orain arte egindako lan horiei esker, bizia ikus daiteke gaur egun Lezoko errekan, hain zuzen, amuarrainak, ezkailuak edota platuxak, baita uroiloak eta ahateak ere, besteak beste.

Bestalde, Lezoko Udalak jakitera eman duenez, 2020rako bisiten egutegia jarraituz, datorren hilaren 25ean Lezoko konposta guneen jarraipen bisitak egingo dira. Ohi bezala, bisitaldi horiek 9.00etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko dute: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene.

COVID-19ak sortutako osasun larrialdi egoera kontutan hartuta, oinarrizko segurtasun neurri zein arauak jarraituz, momentu horretan guneetara bertaratzeko maskara janztea derrigorrezkoa izango da.

Era berean, etxeko hondakin organikoak konpostajearen bidez kudea-tzen jarrai daitekeela gogorazi dute Udaletik, betiere beharrezko segurtasun eta higiene neurriak mantenduz. Horien baitan gune batean bi erabiltzaile baino gehiago ez elkar-tzea edota segurtasun distantziak mantentzea gomendatzen da, baita hondakin organikoak konpostagailura sartu ondoren, nahasterako garaian musukoa edota eskularruak erabiltzea ere.

Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, edo familia berriek izena eman nahi izanez gero, udaletxearekin edo aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daitezke auzokonpostalezo@gmail.com helbidean edo 647 057 402 WhatsAppean.

Azkeneko urteetan ur zikinen isurketak esetsi dituzte eta horri esker errekaren kalitatea berreskuratu da