- Lezoko Udala Lezo 2030 Agenda prestatzen ari da, udal politikak eta proiektuak Nazio Batuen Erakundearen Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lerrokatzeko.

José Ángel Sánchez Ingurumen eta Trantsizio Ekologikoko zinegotzi delegatuak jakinarazi duenez, Udalaren kudeaketa iraunkorrari balioa emango dion eta herritarrekiko konpromisoak gardenago egingo dituen Ekintza Plan bat izango duen Gipuzkoako lehen udalerrietako bat bilakatuko da Lezo. Horrez gain, plan horren bitartez, herritarraren jarduerak modu zuzenagoan identifikatuko ditu, haien parte-hartzea sustatuz.

Sánchezen ustetan, hobekuntzak ekarriko ditu lurralde eta ingurumen eremuetan, baita garapen ekonomiko eta sozialean ere.

Prozesuak fase desberdinak izango ditu: lehen fasea GIHen sentsibilizazio eta hedapen kanpaina batekin hasiko da eta helburu izango du Lezoko Udaleko interes talde guztiak (herritarrak, udal langileak, elkarteak, merkatariak, e.a.) prozesuan parte hartu eta inplikatzea. Horretarako, hain zuzen, beren iri-tzia eskatu edota datozen urteetan Lezok izango dituen erronkak identifikatzen eta erabakiak hartzen parte har dezaten eskatuko zaie.

Iraunkortasunaren diagnostikoa egin ondoren, udal politika eta proiektu guztiak Lezoko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako garapen estrategiekin lerrokatuko dituen Ekintza Plana garatuko da, Lezo herri jasangarri izan dadin, eta plan hori Udalbatzak onartu beharko du.