- Errenteriako liburutegiak zerbitzu gehiago eskainiko ditu gaurtik aurrera. Zehazki, helduen saileko irakurketa gela irekiko da berriz ere erabiltzaileentzat. Irakurketa gelak 22 pertsonako gehienezko edukiera izango du eta ez da denbora mugarik egongo.

Bestalde, orain arte Liburutegia zure etxean programan online egindako ekintzak modu presentzialera pasako dira. Partaide kopuruaren eta edukiaren arabera aretoa aukeratu eta egokituko da.

Hortaz, helduen liburutegiko aurrez aurreko arreta ordutegia 10.00etatik 18.30era izango da. Mailegu zerbitzuari dagokionez, lehengo astean indarrean sartutako baldintzak mantenduko dira. Beraz, zortzi pertsonako gehienezko edukiera onartuko da eta gehienez hamabost minutu izango ditu erabiltzaileak liburuak aukeratzeko. Erabiltzaileak banaka etorri behar dira, menpekoak izan ezik.

Haur liburutegia, ordea, 10.00etatik 13.30era egongo da zabalik. Mailegu zerbitzua ere zortzi pertsonetara eta bakoitzeko hamabost minutura mugatua egongo da. Hala ere, oraindik zerbitzu telefonikoa eta telematikoa eskainiko da.

Ekintzei dagokienez, modu presentzialean eta dagozkion segurtasun neurriak errespetatuz egingo dira. Parte hartu nahi duenari liburutegiarekin harremanetan jartzeko gonbita egin diote arduradunek.

Aste honetan helduei zuzendutako bi ekintza daude: gaur, 19.00etan, Literatur solasaldia, euskaraz, burutuko da Xabier Etxanizekin eta aztertuko duten liburua Maleta (Sergei Dovlatov) da eta asteazkenean 19.00etan English Book Club saioa izango da Slawka Grabowskarekin. Harper Leeren To kill a mockingbird liburua aukeratu dute.