- Inguruan bizi diren herritarren eta merkatarien errealitate energetikoa ezagutu nahi dute Oarsoaldea eskualdeko lau Udalek (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia), eraginkorragoak izaten eta energia aurrezten laguntzeko.

Gauzak horrela, biztanleen energia errealitatea ezagutu eta beharra duten pertsonei lagundu ahal izateko, ezinbestekoa da udalerri bakoitzeko biztanle eta merkatarien parte-hartzea.

Horretarako, bi galdetegi motz prestatu dira, bat herritarrentzat eta bestea merkatarientzat, kolektibo bakoitzaren beharrak ezagutu eta horren baitan, ekintza zehatzak gauzatzeko.

Oarsoaldea garapen agentziatik jakitera eman dutenez, bost minutu besterik ez dira izango inkestak betetzeko eta informazioa oso baliogarria da zentzu honetan laguntza eskaintzeko. Galdetegiak eskualdeko lau Udaletako webguneetan eta garapen agentziako orrialdean aurki daitezke.

Egitasmo hau 2020. urtean Oarsoaldea eskualdean egingo diren energia ekintzen barruan kokatua dago eta Jexux Leonetek, Oarsoaldea garapen agentziaren presidenteak, adierazi duenez, "COVID-19aren ondorengo egoera ekonomikoan, energiaren ikuspegi sozialerantz aurrera egitea beharrezkoa da, pertsonak erdigunean kokatuz".

"COVID-19aren krisiak gure etxeetan babestera behartu gaitu eta horrek eragin zuzena izan du energiaren kontsumoan, baita gure gastuan ere", nabarmendu du Leonetek. Negozioetan izan duen eragina ere izugarria izan da. "Diru-sarrera txikiagoekin handitu egiten diren gastuei aurre egin behar zaie, eta energia garrantzitsua izan daiteke gastu hauetan", aipatu du.

"Horregatik guztiagatik, inoiz baino beharrezkoagoa dugu gure fakturak berrikustea eta gure kontsumoa sakonago ezagutzea, baita errutina jasangarriagoak hartzea ere, horrek guztiak ekonomia eta ingurumen-iraunkortasunari lagunduko dion aurrezpena ekar dezan", azaldu du garapen agentziako presidenteak.

Edozein zalantza edo argibide behar izanez gero, herritarrak zein merkatariak Oarsoaldea garapen agentziarekin harremantean jar daitezke 943 494 129 telefono zenbakiaren bitartez edo energia@oarsoaldea.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz.