- "Etxeetan igaro behar ditugun egun hauek ikusita", OarsoIrriak ekimenetik eta Oiartzungo Abaraxka ludotekatik proposamen bat egin dute Oarsoaldeko umeen-tzat, Leihoa zabalik izenekoa.

Horretarako, "Zer esan nahi diozue munduari?" galdera bota dute eta proposatu dute umeek egun hauetan egiten dituzten, marrazki, ipuin, bertso, poesia, eskulan, argazki, abesti, audio, iritziak oarsoirriak@gmail.com helbidera bidaltzea OarsoIrrien webgunera eta Abaraxkako blogera igo ditzaten beste herritar batzuekin partekatu nahi dutena zabaltzeko.

Mezuan ondorengo informazioa adierazi beharko dute parte-hartzaileek: egin dutenaren azalpentxoa, lanaren izenburua, egilearen izena (izen erreala jarri nahi ez badute, ezizen artistikoa asmatu dezakete), eta herria, eta partekatu nahi duten materiala.

Adinez txikiak direnen irudirik balego, bai haien baimena eta bai gurasoena behar dira. Beraz, oarsoirriak.net webgunean deskargatu daitekeen baimen orria eskuratu eta bete behar da. Sinatu ondoren, publikatu nahi dutenarekin batera bidali beharko dute.

Bestalde, OarsoIrriak Haziak egitasmoak luzatutako proposamen batera gehitu da, kasu honetan teknologia berriak erabili beharko dituzte. Izan ere, etxeko txikiek bakarrik edo familia giroan entretenitu eta sormena landu ahal izateko aukera dute KontaKLIK webgunearekin.

KontaKLIK ukimenezko pantailak dituzten gailuetan (bai Android eta bai IOS sistema eragileak dituztenak) eta mahai gaineko ordenagailuetan erabiltzeko materiala da. "KontaKLIK aplikazioarekin asmatutako ipuinei beste bizitza bat emateko aukera daukazu. Hitzei, marrazkiak, argazkiak, ahotsa, testua eta mugimendua gehitu ahalko diozu. Osatu zure gogoko ipuin eta istorioak eta partekatu lagunekin edo zuk nahi duzunekin", azaldu dute. Informazio eta azalpen gehiago oarsoirriak.net webgunean ikus daitezke.