- Oarsoaldea agentziak eskualdeko merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuei zuzendutako online topaketak antolatu ditu aste honetan.

Online topaketa hauen bidez, Oarsoaldeak eguneratutako jarraibideak eman nahi ditu tokiko ekonomia aktibatzeko eta, horrela, COVID 19-aren ondorioz sektoreak bizi duen krisi ekonomikoari aurre egin ahal izateko.

Tailerrak erabat doan izango dira. Eskualdean sektorea aztertu, dinamizatu eta suspertzeko erronka onartu duten sektoreko profesional erreferenteek eskainiko dituzte, merkatariek, ostalariek eta hiri-zerbitzuek beren establezimenduetan aplikatu ahal izango dituzten ideia eta ekintza berriak proposatuz, bertako bezeroentzako zerbitzu hobea eta produktu erakargarriagoa eskaini ahal izateko.

Lehenengo webinarra bihar bertan izango da 11.00etatik 12.00etara, Instituzioak merkataritza, ostalari-tza eta zerbitzuentzat sustatzen ari diren neurri ekonomikoei buruzko gogoeta eta kontrastea izenburupean. Laguntzei buruzko tailer honen helburua deialdiak aztertzea eta sektorearen beharrak identifikatzea da. Taldearen laguntzarekin, abian jarritako laguntzak errepasatu, sortzen ari diren arazoak aztertu eta estali gabeko beharrak identifikatu nahi dira.

Ostegunean bigarren topaketa burutuko da ordutegi berdinean eta bere izenburua Coachinga eta ekin-tzak Oarsoaldeko merkatari, ostalari eta zerbitzuentzat izango da. Egun horretan Monika Tubiak, sektore honetan Sezzene enpresa espezializatuaren prestatzaileak, coaching eta mindfulness esparruetatik aholkuak emango ditu. Topaketa honek, modu positiboan, eskualdeko merkatari, zerbitzu eta ostalarien adorea altxatzea izango du helburu, eta egoera honetan burutu daitezkeen jarduerak adieraziko dira.

Bi topaketa hauetan izena Oarsoaldea webgunearen (www.oarsoaldea.eus) bidez eman daiteke.

Establezimenduen kudeaketa estrategikoa, gazteriaren sentsibilizazioa, visual merchandaising-a, establezimendu lagunkoiak, ostalaritzan zentratutako mintegi espezifikoak, krisitik ateratzeko marketing digitala eta sektoreak berak adieraziko dituen hainbat gairi buruzko webinarrak antolatuko ditu Oarsoaldea agentziak datozen asteetan.