- Oarsoaldea garapen agentzia doako Webinarra, online topaketa, antolatuko du gaur 11.00etatik 12.00etara Zahartzaroa, beharrak eta aukerak izenburupean. Bertan, 55 urtetik gorako pertsonen beharrak aztertuko dira, eta esperientziak eta ekiteko inspirazioa partekatuko dira.

Online topaketa horretan BiziPoz kooperatibako bazkide fundatzaileak, Beatriz Santamaria eta Eider Etxebarria, izango dira, Forbes aldizkariak egindako 2018ko 30 under 30 zerrendan aukeratutako emakume ekintzaileak.

Online topaketa hau Oarsoaldea Ekintzailea ekimenaren barruan kokatzen da. Ekimen hau Oarsoaldeko pertsonen eta enpresen artean ekintzailetza sustatzeko jardunaldi inspiratzaileak osatzen duten programa bat da. Webinarrean parte hartzeko izena www.oarsoaldeaekintzailea.com web orrian, Zahartzea atalean egin daiteke.

Populazioaren zahartzea zilar ekonomia deritzonari bide ematen ari zaio. BiziPoz kooperatibatik aditzera eman dutenez, adineko helduak azken urteotako eskaera dinamikoenetako bat bultzatzen ari dira, erronka handia aukera bihurtuz. Izan ere, haren beharrek eta lehentasunek ia sektore guztietan dute eragina, eta, beraz, aukera asko sortzen dituzte jarduera ekonomiko berriak bultzatzeko.

Jexux Leonetek, agentziako presidenteak, jakinarazi duenez, hasiera batean Oarsoaldeak aurrez aurre eskainiko zuen jardunaldi hori, Webinar online honen bidez egitea erabaki da. Horrela, etxean geratzeko premisarekin jarraitzeaz gain, Oarsoaldea agentziak ez du galdu nahi BiziPozek arlo horretan duen esperientzia parte-har-tzaileekin partekatzeko aukera, proiektu berrien eta eskualdean enplegu berriak sortzeko ilusioa sustatzen jarraitzeko.