Errenteria - Bitxikeriak lelopean, eta bihartik aurrera, larunbatero, Agara Agirre eta Laura Aguilar bitxigileek ikastaroak emango dituzte Habian! Inkubagailuan, Errenteriako Torrekua eraikinean 10.00etatik aurrera. Sormenezko gosari horiei esker, bertaratzen diren pertsonek bitxigintzaren bidez beren alde sortzaileena ezagutzeko aukera izango dute.

Bihar, lehenengo tailerrean bitxiak korapiloekin, belarritakoak eta eskumuturrekoak egiten erakutsiko dute. Izen-emateak edo informazio gehiago behar izanez gero 636 182 466 telefono zenbakira deitu behar da.

Guztira zazpi ikastaro eskainiko dituzte martxoa, apirila eta maia-tzean zehar. Bitxigintzako teknika ezberdinak ikasi ahalko dituzte bertaratzen direnek gosari goxo baten inguruan.

Tailer bakoitzak 30 euroko kostua izango du eta hauetako bik prezio berezia izango dute 15 eurotan. Batean baino gehiagotan izena eman nahi dutenentzat bonoak ere sortu dituzte: bi ikastaro 50 eurotan eta lau 80 eurotan.

Helduek eta hamabi urtetik gorako gazteek parte har dezakete tailer hauetan.

Hurrengo gosari kreatiboak hauek izango dira: martxoaren 14ean, bitxiak korapiloekin: lepokoa eta eskumuturrekoa; martxoaren 21ean, hariekin egindako bitxiak: belarritakoak; martxoaren 28an, paperezko bitxiak: lepokoa; apirilaren 18an, paperezko bitxiak: belarritakoa eta eraztuna eta apirilaren 25ean, bitxiak bolatxoekin: lepokoa.

Garapen agentziatik gogorazi dutenez, Habian! egitasmoaren bidez, eskualdeko ekonomia eraldatu nahi da, sorkuntzan eta elkarlanean oinarritutako eredu batean bihurtzeko.