Lezo - Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunerako, prestatutako egitarau zabala eta anitza aurkeztu zuen atzo Lezoko Udalak, Gaxuxa taldeko emakumeen laguntzarekin. Laura Martinezek, Berdintasun zinegotziak, aditzera eman zuenez, "ekintza egitarau berezia antolatu da, berdintasuneranzko bidean indarrak batu eta urratsak egiten jarraitzeko xedez".

Honela, martxoaren 2tik 8ra, Lezoko Udalak, lazo moreak jarriko ditu herriko udal eraikin esanguratsuenetan: udaletxea, liburutegia, kiroldegia?Era berean, txapa moreak banatuko ditu martxoaren 8rako deituta dagoen elkarretaratzera bertaratzen direnen artean.

Ildo horretan, halaber, herritarrak animatzen ditu aste guztian zehar more koloreko arroparen bat janztera, aldarrikapenarekin bat egiteko.

Martxoaren 8a egun handia izango da. 11.30ean elkarretaratzea egongo da Gurutze Santuaren plazan. Udalak zapi eta banderola moreak eramatera animatzen ditu herritarrak. Bertaratzen diren guztiekin argazkia aterako da. 12.30ean eskualdeko elkarretaratzearekin bat egingo da Errenterian.

Egunarekin amaitzeko eta berrikuntza modura, 14.30ean bazkari autogestionatua izango da Saldise plazan. Udalak mahaiak, aulkiak eta sagardoa jarriko ditu; janaria, baina, norberaren esku gelditzen da. Parte-hartzea guztiz irekia da.

Gainera, martxoaren 9tik 14ra Gaxuxako Emakumeen Elkarteak egindako lanekin erakusketa antolatu da Kultura Aretoan. Erakusketa zabalik egongo da astelehenetik ostiralera, 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara.

Hilaren 14ean, halaber, Kabi biluziak dokumentala eskainiko da 19.30ean Gezalan. Aipatu dokumentala indarkeria matxistaren inguruan Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal irundarrek egindako ikus-entzunezkoa da.

Martxoaren 23tik 28ra, Agnès Pinyoleren Todas somos todas panpinen erakusketa ipiniko da kultura aretoan, ohiko ordutegian.

Era berean, eta maiatzera salto eginez, hilaren 9an bideoforum saio berezia egingo da; saio horretan, Vuelta a casa de mi madre filma eskainiko da. Lan horrek Stephanie du protagonista gisa, zeinak, 40 urterekin, amaren etxera itzuli behar duen berriro.