Errenteria - Inauteri Batzordeak Errenteriako egitaraua aurkeztu du aste honetan eta ohiko eskema jarraituko du. Jostailu eta jolasak gaiarekin lotutako mozorroak nagusi izango dira aurten, ost egunetan zehar bozkaketa bidez aukeratuta.

Otsailaren 20an, 20.00etan, festari hasiera emateko ekitaldi berezia izango da Herriko plazan. Azerikoren lagunak (Asteme, Oilarqueen eta Katuko) udaletxeko balkoira irtengo dira jaiari hasiera emateko. Azeri dantza koloretsua izango da jarraian.

Otsailaren 21eko ekitaldi garran-tzitsuena konpartsen aurkezpena izango da, Galtzarabordako kiroldegian burutuko da 19.30ean. Bertan honako konpartsa hauek hartuko dute parte: Txasiss, Odissey, Eureka, Bóveda, Danza-rin, Showtime, Furius, Titanes, Activadance eta Cocó Dance.

1.200 sarrera izango dira salgai Niessen kulturgunean asteazkenean. Horietatik, 900 sarrera goizez salduko dira; 9.00etatik 13.00ak arte, kulturguneko leihatilan eta Galtzarabordako kiroldegiko tabernan. Gainontzeko 300 sarrerak, arratsaldez, 17.00etatik 20.00etara, bai kulturguneko harreran eta baita kiroldegiko tabernan ere. Sarreren prezioa euro batekoa da eta pertsona bakoitzak lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez.

Otsailaren 21ean, larunbatean, herri bazkariaren ostean, haur, gazte zein helduek kalean jolasteko aukera izango dute. Horretarako, Herriko plazan, Foru plazan, Zumardian eta Xabier Olaskoaga plazan hainbat jolas izango dira 16.30etik aurrera, arratsalde osoan zehar.

Baina ez hori bakarrik, azken urtetan bezala, oroigarri moduan gordetzeko argazki bat egiteko aukera izango dute herritarrek, 18.30etik aurrera, udaletxeko arkupetan jarriko duten photocallean.

Otsailaren 23an 12.00etan konpartsen desfilea hasiko da. Otsailaren 24a txikien eguna izango da eta amaitzeko, hilaren 25ean 18.00etan sardina ehorzketa iragartzeko erretreta burutuko duAmulleta Danborraren Kofradiak. 19.30ean hileta-segizioa hasiko da.

Aurkezpenarekin bukatzeko, gogorazi zuten, egitarau osoa eskuragarri izango dela udal eraikin publikoetan eta turismo bulegoan. Formatu digitalean, aurkituko dute, hala nahi dutenek, Herri Bizia webgunean. Gainera, bertan, inauterietako argazkien bilduma argitaratuko da egunero.