Oiartzun - Oiartzungo Udaleko Feminismo sailak indarkeria matxistaren eraginaren diagnostikoa aurkeztu zuen berriki. "Herrian dagoen egoera jakitea" izan da diagnostikoa egitearen helburu nagusia , "aurrerantzean lanerako lehentasunak ezartzeko eta gure lana hobe-tzeko premiak identifikatzeko", azaldu zuen Maitane Iribarrek, Oiartzungo Feminismo teknikariak.

"Arreta hobetzeko neurriak hartzen ari gara, baina azken helburua prebentzioan eragitea da, indarkeriarik existituko ez den gizarte parekide bat eraikitzeko", azpimarratu zuen teknikariak.

Azterketa honetan parte hartu duten talde gehienek, erakundeen arteko koordinazio falta, trebakun-tza beharra eta baliabide eskasia aipatu zituzten. Oarsoaldean arreta ematen duten erakunde ezberdinen arteko koordinazio protokolo baten beharra ere maiz azpimarratu zuten.

Oiartzungo Udala ere bat dator hausnarketa honekin. Izan ere, arreta hobetzeko neurrien artean, lehentasunezkoa eskualdeko protokoloa garatzea dela uste du. Beste zenbait arlotan dagoeneko lanean hasia da Udala: Udaltzaingoarekin, Gizarte Zerbitzuetako langileekin, udal teknikariekin eta herriko ikastetxeetan formakuntza saioak egin dira. "Zerbitzuak martxan jartzen hasia da Oiartzungo Udala eta koordinazio arazoak lehenbailehen konpon-tzea da gure lehentasuna", aditzera eman zuen Olga Leibarrek, Feminismo zinegotziak.

"Oraindik lan asko dago egiteko", onartu zuen. "Azken urteetan indarkeria matxistaren inguruko kon-tzientzia eta baliabideak hobetu dira, baina gizarte aldaketak konplexuak eta motelak dira", esan zuen. Azkenik, oiartzuarrek indarkeria matxistaren argazkia izateak hausnarketarako balioko duela gehitu zuen.

Diagnostikoa egiteko Eusko Jaurlaritzaren telefonozko arreta zerbi-tzua (900 840 111), Ertzaintzan jarritako salaketak, Oiartzungo Udaleko Gizarte Zerbitzuaren eta Osasun zerbitzuetako datuak erabili dira. "Datu guztiak jakitea ez da erraza, emakume denek ez dutelako laguntza eskatzen edo salaketa jartzen. Gainera, Datuen Babeserako Legeak ere datu guztiak izatea zailtzen du", adierazi zuten diagnostikoa landu duen Sortzen enpresatik.